Euskaltasunean lagun… Irati Iciar

hirinet 2013ko urt. 16a, 12:49

Irati-Irizar-(2)Oñatin jaio bazen ere, Irati Iciarrek berak azaltzen duen moduan, txikitan gurasoek Gasteizera ekarri zutela-eta, adopzioz gasteiztarra da Historian lizentziatua den gure mintzalaguntzailea. Egun, UEUn dihardu lanean, Udako Ikastaroen arduraduna baita. Aspalditik, GEU Elkarteko kidea ere bada eta, azken boladan, elkarteak antolatzen dituen hainbat jardueratan ari da parte hartzen. Hala nola, aurten, estreinakoz Gasteizko Mintzalagunean dabil.

Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

Euskaldun zaharra naiz, ama hizkuntza da euskara, baita txikitako hizkuntza ere, Oñati bezalako herri euskaldun  batean hazi bainintzen. Ez naiz sekula euskaltegi batean egon eta euskara 'ikasi' nuen azken aldia institutuan izan zen.


Mintzalaguntzailea zara zure taldean, zer suposatzen du zuretzako?

Errespetu apur bat ematen dit, nigana jotzen baitute hizkuntzarekin trabatzen direnean eta horrek batzuetan 'euskaltzaindia' konplexua sortzen dit. Hala ere, laguntzeko nago eta euskara erabilgarri egiten saiatzen naiz, nik erabiltzen dudan moduan. Bestalde, nire egoera 'pribilejiatuaz' kontziente izateko balio izan dit. Euskara ama hizkuntza dut, ikasketa guztiak -unibertsitatea barne- euskaraz egin ditut eta lan munduan ere euskara hutsean lan egin ahal izateak nolabait 'rara avis' bihurtzen nau beraien artean. Aldi berean, nire mintzalagunkideen esfortzua aitortu eta baloratzeko balio izan dit, programan nahi dutelako sartu baitira -bai, 'titulitis' apur bat ere badago-, beraien denbora eta dirua euskaraz jarduteko erabili nahi dute, beraien egunerokotasunean horretarako zailtasunak dituztelako.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Gehienbat, gure egunerokotasuna komentatzen dugu:  zer moduz lanean? zer egin duzue asteburuan? Entzun duzue azken berri hau?... GEU elkartearen agenda ere komentatzen dugu, ekitaldietara batera joateko. Aurrekoan, adibidez, Kike Amonarrizen artikulu hau komentatu genuen.


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Guztiok emakumeak garela! Lehen aipatu bezala, miresten ditut, euskaraz jarduteko duten gogoa goraipatzekoa da. Jende arrunta da, euskara arrazoia ezberdinengatik ikasi dutenak eta beraien inguruan euskaraz egiteko aukera askorik ez dutenez Mintzalagun programan izena eman dute.


Edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik?

Erdi beteta, printzipioz eta izakeragatik. Suposatzen dut euskararen egoeraz galdetzen duzula, zehazki Gasteizko euskararena, ezta? Gero eta gehiago entzuten da euskara kalean, adibidez, Lakuan bizi naiz eta pozgarria da gurasoek umeei euskaraz egiten entzuten dituzunean. Halaber, gehiago entzun beharko litzatekeela, euskaraz jarduteko eremuak gehitu beharko liratekeela eta entzuten den euskara horren kalitatea hobetu beharko litzatekeela ere ez dira ahaztu behar, noski.


Orduan, Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango zenuke?

Esan bezala, nire ustez, gero eta gehiago entzuten da.


Oporrak non eta zertarako?

Oporrak deskantsatzeko. Leku eta kultura ezberdinak ezagutzea gustuko badut ere, oporretatik 'nekatuta' itzultzea ez da nire helburua, beraz nahiago izaten dut toki lasai batera joan. Gauza sinpleekin pozik nago, inguruko kanping bat, balneario bat...


Liburu bat?

Bat bakarrik? Irakurtzea oso gogoko dut... adibidez, Gasteizko Irakurle Klubean parte hartzen dut eta horri esker liburu eta idazle berezi asko ezagutu ditut. Liburu bat bakarrik ezingo nuke aipatu... Beeeno, bat esan behar bada, kuttunenetakoa 'Cien años de soledad'. Euskaraz, 'Obabakoak', batez ere irakurri nuenean utzi zidan inpresioagatik.


Film bat?

Hemen ere bat bakarrik? Zinea oso gustuko dut ere, bereziki klasikoa, komedia eta ironia handiko filmak, Lubitsch, Wilder... Bat aipatzekotan, kuttunenetakoa 'Some like it hot' (Con faltas y a lo loco).


Zure mintzakideek oraindik ez dakiten sekreturen bat?

Bueeenooooo, asko! Adibidez, nire lagun baten blogeko - Barretartia izenekoa-  'korresponsal gastronomikoa' naizela. Bai, ni... ikusi duzue argazkia? :)


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Parte zaharra, bertan dagoen bizitzagatik eta konkretuki ardo eta pintxo aukera bikaina dagoelako (gogoratu korresponsal gastronomikoa naizela).


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Bai, ahal da eta euskaldunon esku dago horrela izatea eta hobetzea.


@IratiIciar 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago