'Hiru gutun Iruñetik', Patxi Zubizarreta

hirinet 2013ko urt. 15a, 09:22

hirugutunirunetik1936ko gerra-garaira garamatza Patxi Zubizarretak liburu honetan, nahiz eta gerra bera ez duen hizpide –izan ere, 1936 eta 1939 urteen artekorik ez du zuzenean aipatzen–. Liburua hiru ataletan banatzen da, erregistro eta narratzaile ezberdinekoak hirurak ere. Lehenengo atalean Gabriel Arratibel eta Rafael Zubeldia (ezizenez Pedro Badihoa eta Juan de Harrapazak, hurrenez hurren) txikitako lagunen arteko gutun-trukea ageri zaigu.

Gerra piztu aurretxoan Gabriel Afrika iparraldean dago soldaduska egiten, Rafael sorterrian, Ordizian, geratu den bitartean; elkarri kontu-kontari aritzen dira, soldaduskan bizitakoak, jaioterrian gertatuak, umetako oroitzapenak… Badirudi gutun-truke soila dela, inora ez daramana, gertakizun zein kontakizunen bilduma arrunta; alabaina, bertan esandakoek garrantzi handia izango dute liburuan zehar, ondoren gertatuko dena ulertzeko gako.


Bigarren atala 1939an hasten da, gerra dagoeneko amaiturik dela, eta Pirinioetan gertatzen da. Bidankozetik Igarirako errepidea zabaltzen dihardu gerrako galtzailez osaturiko Langileen Batailoiak, eta hango giroa eta gertaerak kontatzen dizkigu Zubizarretak, soldadu, teniente, ofizial eta presoen artean geratutakoak, hain zuzen ere. Benetako testigantza zein ikerketa historikoetan oinarritua da, eta narratzaile orojakileak hirugarren pertsonan dihardu.


Hirugarren atala Bidankozeko preso batek kontatua da, hirugarren eta horren arrunta izan ohi ez den bigarren pertsonan. Orain artekoan tentsioa igo besterik ez da egin eta, hirugarren atal honetan idazleak ezin hobeto lortzen du irakurleen tentsio-maila hori gorenera helarazi eta amaiera-amaierara arte mantentzea. Irakurleen mesedetan ezin dugu hortik aurrerako ezer esan, modurik harrigarrienean amaituko dela besterik ez (guk geuk, esatera, ez genuen amaiera hori inondik inora espero).


Geure gertuko historian horren ezaguna ez den gertaeraren bidez, Zubizarretak eleberri ederra eskaini digu, gozatzeaz batera nafar Pirinioetan duela ez horren luze gertatutakoa oroitarazten digularik, hainbat hizkera-mota (toka, zuka, lehen, bigarren eta hirugarren pertsonak, tarteka mendebaldeko eta erdialdeko euskalkiak ere) maisuki darabiltzala, euskara txukun eta ederrean. Hasiz gero amaierara arte utzi ezin den maisulan horietakoa dugu, ezbairik gabe, Patxi Zubizarretaren azken lana.


Patxi Zubizarreta Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen 1964an. Gasteizen Euskal Filologia ikasi eta ordutik hementxe bizi da. Helduentzat zein haur eta gazteentzat idatzi du, eta itzulpengintzan ere jardundakoa da, batez ere mundu arabiarreko lanak euskaratzen.


FITXA TEKNIKOA

Izenburua: Hiru gutun Iruñetik

Idazlea: Patxi Zubizarreta

Argitaletxea: Pamiela

Urtea: 2012

Orrialde-kopurua: 141


Egilea: Adriano De Mata

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago