Ni? Ni neu, eta kitto

hirinet 2013ko urt. 10a, 09:13

Amaia Gartzia

 

Ni? Zer naizen ni? Emakumea, eta kitto, errebindikaziorik gabe. Ez feminista, ez alaba, ez ama eta ez ezer. Ni Amaia, eta punto. Ni, kazetaria, eta kitto. Izugarrizko aurkikuntza balitz bezala azkenaldian ugaritu egin dira amatasunaren errebindikatzaileak, noizbait gaizki ikusia egon izan balitz bezala, edota emakumea direla argi eta garbi utzi nahi dutenak, edozein sare sozial dela eta argazkian emakumezkoa dela ikusi arren.

Paula. Emakumea. Abertzalea. Ama. Ez dut gogoratzen inoiz nire amak, “Ama” domina jantzi izan zuenik beste edonoren aurrean, munduko gauza naturalena bezala ikusten baitzuelako. Harrotasunetik harrokeriara doan muga gainditu dute batzuek. Ama izateko adina ikaragarri luzatzearen ondorioak? Baliteke.


Azken urteetan hainbat aldiz izan naiz honen inguruan idazteko tematuta, baina bazegoen nire arkatza atzera botatzen zuen zerbait. Feminismoaren izenean egunkari eta aldizkarietako hainbat lerro bete dira, eta inolako damurik gabe gizonen kontrako eraso irrazionalekin edo edozeren kontrako erasoekin, zerbait erasotzeko beharra baitute askok. Irakurritako azkena: Argia astekarian kantari baten ustez hainbat dira kultura matxistaren ondorioak, eta adibide argigarriena hau: emakume asko dira haien bizitza hipotekatuz mutil presoa kartzelara bisitatzera dihoaztenak. Eta gizonek ez dute ez honetaz ez beste gai askotaz hitz egin ohi, enpatia falta dela eta. Ez dakit baina, hasteko, kartzelan dagoen eta libre dagoen bi pertsonen artean, benetan hipotekatua kartzelaratua dela esango nuke nik. Beraz, eta honi jarraiki, beren senarra kartzelara bisitatzera dihoazten  emakumezko guztiek haien bizitza hipotekatu dute? Eta neskalaguna preso duten mutilak ere kultura matxista  bati esker hari dira euren bizitza hipotekatzen? Iraina laztantzen duen gezurra. Aldiz, kultura matxistaren ondorio hori baldin bada gizon gehienek enpatia gutxi izatea, kale ere. Aurreiritziek ez dute balio hemen. Eta, azkenik,  emakume askok duten sufrimendu horretaz gizonek idatzi behar dutela bada aldarria, kale, berriz ere. Ez nekien  sormen oro publiko jakin bati zuzendu behar zitzaionik. Niri zeri buruz idatzi behar dudan inorrek esan behar ez didan bezala.


Beste bat. Idazlea, irratian, bere azken liburuaz. Berrogeitaka urteko emakumeak protagonistak. Hots, edertasunaren diktaduran bizi diren andreak. Gizonetan, alderantziz,  –elkarrizketatuaren hitzetan- ile urdintzea distintzio eta erakargarritasun zeinua baita. Dirudienez, emakumeak diktadura baten pean gaude. Jakin dezala irakurleak, ustezko diktadura horri ez dakit nola ihes egin dion emakume baten aurrean dagoela. Ni behintzat ez nau inor derrigortzen depilatzera. Eta ilea tindatzen dudanean nire erabakia dela. Edo begiak margotzen ditudanean ez daukadala pistola bat lokira apuntatzen. Eta inkontzienteki egiten dudala esaten duena joan dadila popatik hartzera, nik neuk erabakitzen baitut, non, noiz, eta zergatik egin, ez dut errudunik behar. Eta jakin dezala ere, bide batez,  ile urdindua duten gizonak erakargarriak egiten zaizkidala, baina arrazoia ez dela matxista, baizik eta biologikoa, eta animaliak garen heinean, guztiz ulergarria. Bai eta emakumeak gizon zaharragoetan eta gizonak emakume gazteagotan maiz fijatzearen arrazoia. Azken hau aurreiritzi bat dela usten duenarentzat mezua: zapaldu frenoa, hau ez da aurreiritzia, zientzia baizik. Baina horri beste batean erantzungo diot.


Azkenaldian ere izan dira honen inguruan idatzi dutenak. Hemen sartzeko tentatuta egon naiz, baina ez dut artikulu hau beste pertsona famatu edo interesgarriagoen aipuekin jantzi nahi. Nire zutabea da hau. Eta ni, ni neu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago