Gatibu: "Jendeak gure musikarekin ondo pasatzea da gure helburua"

hirinet 2013ko urt. 8a, 18:13

gatibu1Lehen diskoa atera eta hamar urte pasa direnean, Gatibu taldeak bosgarrena aurkeztu zuen berriki. ‘Zazpi kantoietan’ lan berri honen arrakasta berehalakoa izan da, horrela utzi baitzuten agerian, besteak beste, Durangoko Azokan saldu ziren 3.000 kopiek. Datorren urtarrilaren 12an talde gernikarraren zuzeneko indartsuaz gozatzeko aukera izango dute gasteiztarrek Jimmy Jazz aretoan. Bitartean, Hirinet-ek taldeko gitarra den Haimar Arejitarekin solas egin du.

‘Zazpi kantoietan’ disko berria zazpi abestiz osatutako dago. Zergatik zazpia?

Argi eta garbi gure zazpi lurraldeei buruz ari gara, zazpi kantoi, zazpi probintzi, zazpi lurralde historikoak… Gatibu taldea euskaraz abesten duen euskal talde bat da eta orduan, euskal lurraldeak dira gure lurralde naturalak, mugitzen garen lurraldeak, hain zuzen. Eta horri erreferentzia egin nahi genion izenburua jarri genuenean. Horregatik ere zazpi kantu egitea aproposa iruditu zitzaigun.


Halarik ere, zuen musika zazpi kantoietara ez ezik, mundura orokorrean zuzentzen duzue, ezta?

gatibu2Bai, noski baietz. Gure lurralde hau badaukagu ibilita eta gure nahia da ere gure musika kanpora ateratzea. Ez dugu nahi izan soilik hemen mugitzen den taldea, izan ere, gure musika internazionala da. Guk geuk ere kanpoko musika entzuten dugu eta gozatzen dugu eta gure musika kanpoan ere gozatzea nahiko genuke. Erraza ez den arren, saiakera hor dago.


Beti bezala, rock indartsua dugu zuen lan berriaren ezaugarria, baina zeintzuk dira zehatz-mehatz zazpi abesti hauen osagaiak?

Jorratzen duguna edo abestien eroalea rocka da baina gero aurkitzen duguna ukitu ezberdinak dauzka, hots, pop ukituak, funky ukituak, country ukituak… Denetarik, azken finean musika mota ezberdinak gustatzen zaizkigu. Ni, esaterako, oso bipolarra naiz musikari dagokionez… edo tripolarra, esan beharko! Hau da, berdin entzun dezaket cumbia edo salsa edo rock-heavy metal edo musika klasikoa. Beraz, alde horretatik ez daukagu konplexurik eta momentuan gorputzak eskatzen diguna egiten dugu. Guri gustatzen bazaigu horrela geratzen da.


Musikak beti zerbait helarazi behar duela diozue. Zer transmititu nahi du Gatibuk?

Sentimendu alaiak eta positiboak, batez ere. Jendeari indarra eman nahi diogu eguneroko bizitza pixka bat hobeto eraman dezan. Egunerokotasuna ez da erraza kasu askotan, gure gizarte honetan, lana dela medio edo beste mila arazo direla medio, bizitza oztopatzen dituzten mila kontu daude. Orduan, gure musikaren helburu nagusia guk ondo pasatzea da baina aldi berean, jendeak gure musikarekin ondo pasa dezala, indarra eman diezaiola gure musikak egunerokoari eusteko eta gauzak alaiago egiteko, motibazioa helarazi nahi dugu aurrera ateratzeko eta depresioan ez erortzeko… Hori da niri gustatuko litzaidakeena, gehien bat.


10 urte igaro dira Gatibu jaio zenetik eta denbora horretan 5 disko kaleratu dituzue. Lehenengotik ‘Zazpi kantoietan’ honetara, aldaketak egon al dira?

Eboluzioa ikusten eta entzuten da, etengabekoa da diskotik diskora, graduala da. Disko bakoitzean gauza ezberdinak jorratu ditugu eta kalitatea hobea dela esan daiteke. Musika nola grabatuta dagoen, abestiak nola enfokatuta dauden, nola konposatuta dauden… Dena askoz eraginkorragoa dela uste dut, nahiz eta jende askok agian gustukoagoa izan lehenengo diskoa. Baina pertsona moduan hazten goazen heinean, musikari moduan ere hazten goaz. Orain, adibidez, isiltasun gehiago erabiltzen dugu musika elementu gisa. Eta gero musikaren kalitatea ere hobetzen joan gara dudarik gabe, orduan hori igartzen da. Musika pixka bat kontrolatzen duenak edo musikazale batek hori igarriko du.


gatibu3Disko berri hau arrakastatsua izan zen oso Durangoko Azokan. Izan ere, 3.000 ale saldu zenituzten. Horrelakorik espero al zenuten?

Inondik inora. Ez genuen espero gauzak egun nola dauden ikusita. Krisia dela eta, pentsatzen genuen mila kopia salduta etxera poz-pozik joango ginela eta sorpresa bat izan zen eta “honek funtzionatu du” pentsatu genuen, “jendeak oraindik Gatibu entzuteko gogoa du”. Orduan, pozik.


Zuen iritziz, zein da zuen arrakastaren sekretua?

Askotan egin didate galdera hau. Sekretua askotan norberak ere ez daki, guretzat ere sekretua bada. Egia esan, ez dakigu zergatik jendeak gauza baten aurrean horrela erantzuten duen. Nahi gabe egiten duzu, ez duzu jendeak erreakzionatzeko formula bat bilatzen eta hortaz, ezin da nahita egin. Guk gustatzen zaiguna egiten dugu, naturaltasun osoz, inor engainatu gabe, gure mugak non dauden jakinda baina beti gehiagora joan nahi izanez. Orduan, naturaltasuna, jendearenganako hurbiltasuna eta egia da gure sekretua, hor ez dago gezurrik.


Datorren urtarrilaren 12an, larunbatean, Jimmy Jazz aretoan aurkeztuko duzue zuen lan berria. Nolako publikoa da gasteiztarra? Hiria bezain hotza al da?

Oso ona eta oso beroa da. Siberia-Gasteiz deitzen zaion arren, askotan Santo Domingo dirudi, publikoaren harrera oso beroa izaten baita. Ez naiz konprometitu nahi, beste batzuk haserretuko direlako, baina hoberenetakoa dela esango nuke.

 


Gatibu zuzenean ikusteko bi sarrera zozketatuko ditu Hirinet-ek. Informazio gehiago HEMEN

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago