‘Hasta la vista’ filma

hirinet 2013ko urt. 7a, 11:59

hasta-la-vista-cartelBehin baino gehiagotan eztabaidatu da zer den egokiagoa, azpitituluak erabiltzea ala bikoizten jarraitzea (besteak beste, abenduan Durangoko Azokan jorratu zuten gai hau). Inoiz saiatu izan dira azpitituluei aukera bat ematen, adibidez, Heroes telesail estatubatuarraren azken bi denboraldiak (saioak izan zituen korapilatsu eta kaskarrenak) euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izan genuen duela urte gutxi batzuk, baina esan daiteke harrezkero ez dela horrelako ekimenekin jarraitu eta bikoizketa lehenetsi dela, nahiz eta inbertsio eta ahalegin handiagoak eskatzen dituen.

Nolanahi ere, ez dugu sarritan izaten film euskaratuak ikusteko aukera (are gutxiago zineman); beraz, merezi du dauzkagun aukera bakanak aprobetxatzea. Oraingoan, Hasta la Vista komedia gazi-gozoa euskaratu dute REC estudioetan, eta urtarrilean iritsiko omen da Euskal Herriko zinema-aretoetara. 


Intouchables (2011) pelikula frantziar arrakastatsuaren eta Little Miss Sunshine (2006) lan estatubatuarraren nahasketa bitxi honek sari ugari lortu ditu mundu osoko hainbat zinemalditan; ikusleak hunkitu ditu, batik bat. Ardoa eta emakumeak oso gustuko dituzten hiru gazte minusbaliaturen istorioa kontatzen du. Lehenengoa nahi adina dastatu dute, baina ez dute sekula izan emakume batekin “zentzu biblikoan” egoteko aukera. Espainiako hegoaldean minusbaliatuentzako burdel bikain bat dagoela entzuten dutenean, birjintasuna galtzeko bidaia “enologiko” bat egitea erabakitzen dute. Gurasoek ez dute uste oso ideia ona denik, hiru mutilek bakarrik joan nahi dute-eta, baina gazteak tematuta daude, eta kosta ahala kosta iritsiko dira beren jomugara.


Flandeseraz eta frantsesez grabatu den pelikula hau oso komedia atsegina da. Ea egia den eta laster iristen den Euskal Herriko aretoetara!

 

FITXA TEKNIKOA

JATORRIZKO IZENBURUA: Hasta la Vista

URTEA: 2011

IRAUPENA: 109 min.

HERRIALDEA: Belgika

ZUZENDARIA: Geoffrey Enthoven

AKTOREAK: Robrecht Vanden Thoren, Gilles De Schrijver, Tom Audenaert, Isabelle de Hertogh

GIDOIA: Pierre De Clercq  

GENEROA: Komedia. Drama.

 

Egilea: Regi Larrucea

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago