Eskubideak plazara ekimenaren agerraldia

hirinet 2013ko urtarrilaren 7a

zaharrazharroIragan uztailean, Alde Zaharreko Zaharraz Harro! jai herrikoiak ospatu genituen. Giro bikainean eta inoizko parte hartzerik handienarekin, orain lau urte txiki-txiki erditu genuena kozkortzen joan baita urtez urte. Zaharraz Harro! joan zen, eta bostgarren edizioan elkar ikusteko gogoz agurtu ginen denak.

Orain bi aste, komunikabideen filtrazio baten bidez, Madrileko Auzitegi Nazionalean idatzitako auto baten berri izan genuen.  Gure harridura eta haserrerako, Zaharraz Harro!ren egitarauaren barnean auzoko preso eta iheslarien senideak omentzeko ekitaldian parte hartzeagatik 11 pertsona Madrilera deklaratzera deituak ziren, preso eta iheslari horien senideak eta lagun-minak hain zuzen ere, “terrorismoari gorazarre” egitearren prozedura penala zabaldu behar den edo ez erabaki dezan Pablo Ruzek. Are gehiago: epaileak parte hartzaile gehiago identifikatzeko eskatzen du autoan, berdin ekitaldiaren bideoa interneten eta Zaharraz Harro!ren web  gunean eskegi zituztenak, baita Zaharraz Harro!ren “arduradunak” ere, Barrenkale Auzo Elkartearen inguruko informazioa... Autoak beraz, zuzenean edo zeharka, gauza ezberdin asko erasotzen ditu: presoen eta senideen eskubideak, guztion eskubide zibil eta politikoak, Zaharraz Harro!ren jai eredua eta abar. Eraso horiei erantzuteko antolatu dugu auzo mailako agerraldi hau.


Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi diegu deklaratzera deituak izan diren hamaika pertsonei. Baita aurrerantzean zitatuak izateko arriskuan diren beste guztiei ere. Zuekin gaude, eta zuekin batera jaitsiko gara Madrilera, denok elkarrekin autobusean, urtarrilaren 8an.


Epaitua izan daitekeen ekitaldia, ustezko delitua bera defendatu nahi dugu. Auzoko zenbait lagunek, auzoko beste zortzi kolektiboren parte hartze zuzenarekin, mobilizazio alai eta jendetsua antolatu zuten. Alde Zaharreko preso eta iheslarien eskubideen defentsan ere, baina, modu berezian eta espresuki, beraien senideak omentzeko. Urte luzeetan zehar pairatu duten sufrimenduarekiko begirunez eta aitortza gisara. Esaterako, legedia urratuz presoak sakabanatuta mantentzearen ondorioz, astebururo errepidean milaka kilometro egin behar izateagatik, bizitzak arriskuan jarriz.


Baina Auzitegi Nazionaletik datorkigun erasoa, preso eta senideenganako elkartasun ekimenen kontrakoa ez ezik guztion kontrakoa ere bada, guztionak diren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurka doan heinean. Adierazpen edo elkarretaratze eskubideen aurka esaterako. Gure auzokideak, oinarrizko eskubideak praktikatzeagatik epaituak izateko arriskuan daude, izateko arriskuan gaude, NBEak berak kritikatu duen salbuespen legedi baten pean, salbuespen epaitegi batean. Oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsan bat egiten dugu guztiok, gutako bakoitzak eskubide horiek nahi duenaren alde edo kontra erabili ditzan.


Auzitegi Nazionalaren autoak auzoko herri mugimendu osoari eta Zaharraz Harro!ren jai ereduari erasotzen die azkenik. Bere jaiotzatik hiru oinarri izan ditu Zaharraz Harro!k: auzo harrotasuna aldarrikatzea, jaia eta aldarrikapena uztartzea eta dena modu parte hartzaile eta autogestionatuan egitea, auzoarentzako auzoak auzotik egina. Antolatu eta parte hartzeko deia da Zaharraz Harro! “Arduradunik” ez duen asanblada ireki antolatzailearen lanik garrantzitsuena kolektibo, auzokide, taberna eta merkatariei uztaileko lehen astean zehar auzoari begirako zer edo zer antolatzeko gonbitea heldu araztea da, asanbladaren konpromisoa aldiz, antolatutakoari  erraztasunak eta oihartzuna ematea. Filosofia honi helduz gozatu genituen iaz 70 jarduera baino gehiago musu-truk, dei honi erantzunez antolatu zuten zenbait auzokide solidariok auzoko euskal errepresaliatu politikoen senideen omenezko ekitaldia. Eskerrik asko parte hartzeagatik.


Zoritxarrez, Madrileko epaitegietan berean diraute, zigorrean eta mendekuan. Zorionez, mehatxuen gainetik eta aho batez, guk gurean jarraitzeko asmoan berresten gara. Batzuk, presoen eskubideen alde lan egiten, beste batzuk jai herrikoiak sustatzen, guztiok oinarrizko eskubideen aurkako erasoen aurrean elkartasuna ehuntzen. Errepresaliaturik gabeko auzo alai, borrokalari, jai zale eta autoantolatu baten alde.


Elkartasuna ez da delitua. Alde Zaharra Bizirik!


Eskubideak plazara

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago