Nelson Mandela, Fidel Castro eta Shakira, Araba Euskarazeko kamisetekin

hirinet 2013ko urt. 4a, 13:37

arabaeuskarazmandelaAraba Euskaraz 2013ko antolatzailea den Aresketa ikastolak jaialdiaren produktuak erosteko online denda jarri zuen abian lehenengo aldiz eta hori ospatzeko ekimen berezia jarri zuen martxan azaroan. Izan ere, Araba Euskaraz-en kamiseta bana munduko 10 pertsonai esanguratsuei oparituko die eta horretarako, bozketa bat antolatu zuten, guztion artean erabakia hartzeko.

Horrela, eta Gabonetako kanpaina amaitu denean, aipatutako kamiseta jasoko duten pertsonaien izenak ezagutzera eman dute. Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohia, Marivi Bilbao aktorea, Bruce Springsteen eta Shakira abeslariak, Fidel Castro, Melendi, Gaizka Toquero eta Mario Casas dira, besteak beste, bozketa herrikoiaren bitartez aukeratuak izan direnak. Guztira, 616 izan dira jaso diren botoak.

Hemendik aurrera, antolatzaileen lana izango da 10 kamiseta hauek euren jabeei helaraztea. Bitartean, eta Araba Euskaraz 2013 datorren ekainaren 16an Amurrion ospatu bitartean, kamisetak, jertseak, USB memoriak, kikarak edo arkatzak eros daitezke online dendan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago