... eta mundua ez zen bukatu

hirinet 2013ko urt. 3a, 09:24

javi-lopezBeno ba hori. Espero genuen bezala, abenduaren 21ean mundua ez zen bukatu. Ziur aski norbaiti gaizki atera zaizkio kontuak, batez ere Bugarachera estralurtarrak agurtzera joan zirenei. Ez dakit zenbat gastatu duten, baina mundua ez dela bukatu ikusita, gustatuko litzaidake haien aitzakia etxera itzultzean entzutea.

Ni nahiko gaiztoa izan omen naiz 2012an. Urtean zehar autoan lapurtu didate, abenduaren 24an mugikorra lapurtu zidaten (jai zoriontsuak hasteko) eta abuztuan saiatu ziren gure Decathloneko bizikletarik merkeena lapurtzen. Hau guztia Gasteiztik mugitu gabe, zergei buruz edo murrizketei buruz hitz egiten hasten banaiz... akabo!


Orain Errege Magoak etorriko dira. Zein ondo. Dena den, nik entzun dut Ekialdekoak ez direla andaluziarrak baizik. Ez dakit zer pentsatu, dagoeneko idia eta mandoa ez daude Atarian. Hobe erregeak etxean geratzen badira, 2013. urtea gogorra izango da eta ez ateratzea komeni zaie.


Zaila da gutun bat idaztea. Buff, ez dakit zer eskatu. Hasteko gustatuko litzaidake edukiontzi bat. Bai, jakina, zaborra botatzeko edukiontzia. Badirudi Salburuan horrelakoak ez direla oso arruntak. Baina ez da kale bakarra, aurrekoan ere gertatzen da eta hauxe bai, nahiko handia da. Birziklatzeko edukiontziak egon badaude, baina edukiontzi arruntak ez ditut inondik inora ikusten. Zabor poltsak zuhaitzetan pilatzen dira, antzina bezala...


Beraz, gauza bakarra eskatuko dut, ea posiblea den Maien aro aldaketa hori egitea. Mundua ez dela bukatu ikusita, bada garaia gauzak beste era batean egiteko, beti bezala jarraitzekotan 2013. urtea pasatutakoa bezalakoa izango baita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago