Belaunaldi batean?

hirinet 2013ko urt. 2a, 17:12

joanmari larrarteJoanmari Larrarte

Gobernu berria dugu Eusko Jaurlaritzan, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan politika berri baterako aukerak zabaldu dira ondorioz. Gobernu horren antolaketan, lehenengo aldiz ikusi dugu sail baten “hizkuntza politika” daramala, eta horrek euskararen gaiak gaur egun arte baino pisu handiago izango duen itxura ere eman dezake, eta hala beharko luke. Bada, orain, politika egiteko garaia da, baina zein politika?

Azken urteotan, politikariek euskarari buruz hitz egiten duten bakoitzean esaten digute erabilera dela arazoa: ezagutza ari dela gora egiten (EAEz ari dira), baina erabilera ez dela neurri berean indartzen.


Askotan azaldu izanagatik ere, ez dut uste soberan dagoenik gogoratzea: ez da posible gure egoera soziolinguistikoan ezagutza eta erabilera neurri berean haztea. Euskaldunok egoera minorizatuan bizi gara, eta elebidun eta elebidun hartzaileak kontuan hartuta ere, euskaldunak ez gara Euskal Herriko biztanleen erdia izatera iristen. Egoera horretan, ezinezkoa da erabilerak nabarmen gora egitea, inguru oso euskaldunetan ez bada behintzat. Euskara ez dakiten bat tartean egotea nahikoa da euskara ez erabiltzeko. (Erabileraz ari garela, hura zabaldu beharra nabarmentzen duten politikari horiek berak dira, aldi bereko itzulpen sistema izan arren, Eusko Legebiltzarrean bertan erdara erabiltzen dutenak. Zergatik ez dituzte beren hitzaldiak euskara hutsean egiten, bideak jarrita badaude erdaldunek uler dezaten?)


Erabileran eragin nahi badugu, ezagutzaren unibertsalizaziorako urratsak egin behar dira lehenik, eta bideak jarri behar dira euskal herritar oro euskalduna izan dadin. Irakaskuntza eta helduen euskalduntzea indartuta, jar dezagun helburu Euskal Herrian %90etik gora euskaldunak izatea belaunaldi batean, eta hura gauzatzeko politika egin dezagun.


Dudarik gabe, horrekin batera, erabilera azkartzeko neurriak ere hartu behar dira, euskaldunon eskubideak bermatzeko eta ikasteko motibazioa handitzeko. Bai, motibazioa handitzeko diot, uste baitut hor dugula arazo nagusietako bat gaur egun. “Zertarako ikasi behar dut euskara, ez bada erabiltzen, ez badut beharko?” 80ko hamarkadan motibazio identitarioa zen euskara ikasteko motorra; aldiz, hura gainditu zelakoan, 90eko hamarkadatik aurrera motibazio pragmatikoan eragin nahi izan da, lanerako beharrezkoa izango dela eta antzeko mezuak zabalduaz. Baina gure herrian, gure egoera minorizatuan, azkar ikusten du edonork lanerako ez dela hain beharrezkoa, agian bai oposizio batzuk ateratzeko, baina ez lanerako, lana batez ere erdaraz egiten delako, bai administrazioan bai gainerako lan eremuetan. Bide horretatik zaila da motibazioari eustea, eta are zailago Espainiatik ematen duten itxurak aurrera egiten badu, hots, pentsatzen bada laster kenduko dituztela euskara ikastera edo erabilerara bultzatzen duten neurriak.


Erronka ez da samurra, ez gaitezen engaina, baina instituzio eta gizarte eragileen artean adostutako politika ausarta garatzeko gai bagara, posible da. Horretarako helburuak argi izan behar ditugu. Egingo dugu apustu belaunaldi batean biztanleriaren %90 euskalduna izan dadin? Lorgarria da horren aldeko apustua egin eta horren arabera antolatzen badugu hezkuntza, euskalduntze alfabetatzea, administrazio osoaren euskalduntzea eta lan mundua euskalduntzea. Lorgarria da, baldin eta euskara behar izatea ezinbesteko bihurtzen badugu.



Aipatutako neurriekin batera, kultur eta komunikazio eskaintza euskaldun sendoaren aldeko apustua egingo duen hizkuntza politika behar dugu helburu horiek lortuko badira, eta ez da une txarra politika hori adostu eta abiatzeko, urteetan egindakoa atzeraka has ez dadin.


Berria-n argitaratua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago