Onddoen erreinua (“Fungi”) oso dibertsoa da, 100.000 espezie deskribatu direlarik. Bertan topatzen ditugu oso organismo desberdinak: hain preziatuak diren perretxikoetatik hasita, lizun zein garrantzia ekonomiko handia duten legamietaraino. Tamainaren arabera bi talde bereizten dira: mikromizetoak (onddo mikroskopikoak) eta makromizetoak (begi bistaz ikus daitezkeen onddoak). Bigarren talde honen barne sailkatzen dira jangarriak diren perretxikoak. Alde batetik, Basidiomycota filoa daukagu. Talde honen barne ezagunenak egiten zaizkigun perretxikoak ditugu: jateko oso goxoak diren onddo zuria (Boletus edulis) eta urretxa (Russula cyanoxantha), edota oso pozoitsua den hiltzaile berdea (Amanita phalloides). Bestalde, Ascomycota filoa daukagu. Talde honetako perretxikoak itxura arraroak dituzte (kopa itxura askotan) eta ezezagunagoak dira. Dena den, badira espezie ezagun batzuk ere, ibai ertzetan eta udaberrian ikusten dugun karraspina (Morchella esculenta) adibidez. Bi filoak, esporak eta hauek garatzeko modua, bizi-zikloa zein hifen dotazio genetikoa dela eta desberdintzatzen dira, besteak beste.
Crucibulum laeve (Nidulariales ordeneko basidiomikota)
Talde bakoitzaren barnean ere, forma eta bizi-zikloari dagokion dibertsitatea oso handia da. Boletus generoko perretxikoen himenoforoa (zati emankorra) poroz osatuta dago eta beraz, esponja baten itxura dauka. Esnegorrian (Lactarius deliciosus), aldiz, orriak agertzen dira. Baina ez hori bakarrik. Basidiomycota filoan bertan sailkatzen dira ere zuhaitzen enbor eta adarretan topatzen ditugun ardagaiak (Fomes fomentarius, adibidez), itxura guztiz desberdina azaltzen dutenak. Baita Puccinia graminis ere, zekaleak zoltzen dituen onddo espeziea. Hauek dira, aipatutako izugarrizko dibertsitatea azaltzen duten adibidetako batzuk.
Xylaria polimorpha (Sphaeriales ordena, askomikota)
Baina hau guztia ez da perretxikoekin bukatzen. Onddo mikroskopikoen artean oso talde garrantzitsu eta dibertsoak azaltzen dira. Chytridiomycota filumean, adibidez, gaur egun oso ezaguna den Batrachochytrium dendrobatidis espeziea topatzen dugu, mundu mailan anfibio espezie eta populazioak akabatzen dituena. Glomeromycota filumeko espezie denak gure basoko landareen sustraiekin elkartzen dira. Modu honetan landareek beharrezkoak dituen elikagaiak lortzen dituzte eta horrek lur lehorraren konkista erraztu zien orain dela 480 milioi urte. Edota Myxomycota, fase ameboideoa azaltzen duen onddo muzilaginotsu taldea, onddo eta protozoo bitarteko ezugarriak dituenak.
Ganoderma adspersum (Aphyllophorales ordeneko basidiomikota)
Fuligo septica (Mixomikota, Physaralesordena)
Egilea: Maider Iglesias, Naturayala-n argitaratua