Zer egiten dute gasteiztarrek Gabonetan?... Arantxa Gonzalez

hirinet 2012ko abe. 27a, 01:00

Arantxa1Gasteiztarrek Gabonak nola bizi dituzten jakin nahi izan du Hirinet-ek. Hori dela eta, galdetegi laburra prestatu dugu eta hiriko lagun batzuk elkarrizketatu ditugu. Gaurkoan, Arantxa Gonzalez dugu protagonista. Irakaslea izateaz gain, GEU elkartearen lehendakaria da.

Gabonak, gustuko dituen horietakoa al zara?

Ez,Gabonak ez ditut gustuko familian falta direnen hutsunea nabariagoa geratzen delako data horietan. Hala ere, aurpegi ona jarri eta familiarekin oporretako egun hauek gozatzen saiatzen naiz.


Zein izango litzateke zure plan ideala egun hauetan?

Hegazkina hartu eta urruneko herrialde batera joan. Ea urteren batean egiten dudan!


..eta egin ohi duzuna?

Familiarekin elkartu bazkaltzeko, afaltzeko...guztiok egin ohi duguna.


Gabonetan jaso duzun oparirik bereziena…

Nire alaba Uxue jaio zenean. Gabon gauean ospitalea utzi eta gure etxera etorri zen lehenengo aldiz. Huraxe momentu polita!


…eta egin duzun bereziena…

Txikitan nik egindako eskulana, ikastolan, nire amonari opariru nion. Urteetan izan zuen bere ohearen gainean eskegita nik oparitutako koadro zatar hura!


Zer eskatuko diozu urte berriari?

Garai hobeak etor daitezela. Topikoak badira ere, lana, dirua, osasuna, maitasuna...denetarik behar dugula uste dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago