Zer egiten dute gasteiztarrek Gabonetan?... Iñaki Larrañaga

hirinet 2012ko abe. 26a, 01:00

inaki larranagaGasteiztarrek Gabonak nola bizi dituzten jakin nahi izan du Hirinet-ek. Hori dela eta, galdetegi laburra prestatu dugu eta hiriko lagun batzuk elkarrizketatu ditugu. Gaurkoan, Iñaki Larrañaga kazetari gaztea dugu protagonista.

Gabonak, gustuko dituen horietakoa al zara? 

Ez gustatzeko arrazoirik ez daukat. Beraz bai, gustatzen zaizkit. Egun bereziak dira: kaleek itxura aldatzen dute,  eta normalean ez zauden jendearekin egoteko denbora handiagoa duzu, errutina apurtzeko. Nik uste gehienek ere irudipen hori dugula: gabonak ez dira telebistan agertzen diren bozkario eta zoriontasun permanente hori.


Zein izango litzateke zure plan ideala egun hauetan?

Kafe, zuku eta pintxoarekin gosaldu aspaldian ikusi ez duzun lagun batekin. Familiarekin paseotxo bat eman lasai antzera, gaztaina erreak dastatuz. Afari oparo bat egin lankideekin. Badakit dena janariarekin lotu dudala, baina batez ere hurbil sentitzen duzun jendeari denbora eskaintzea da inportantea. Aitzakia ona dira gabonak. Eta, noski! Jende berria ezagutzea ere oso interesgarria da.


..eta egin ohi duzuna? 

Gasteiz utzi eta Gipuzkoa aldean dudan familia bisitatzen dut. Han igarotzen ditut egun batzuk. Lehengusuen berri izan, aiton-amonen ondoan egon, osaba izebekin poteoan ibili. Gauza familiarra izaten da. Eta polita da urtean zehar ia ahaztuta dituzun horien berri jakitea. Lotura berezia duzu beti odol berekoekin.


Gabonetan jaso duzun oparirik bereziena… 

Bat bereziki dut gogoan: cassette grabagailu bat, 13 bat urte izango nituen. Hasiera batean harritu ninduen (zertarako nahi dut grabagailu bat?), baina erabiltzen hasi orduko sekulako ilusioa egin zidan. Grabatzen nuen Zestoako etxeko leihotik ikusten nuena, Alavesen partiduaren kronika, Zarautzen egindako egunpasa, lehengusuei galdezka ibiltzen nintzen... Eta, kasualitatea ala ez: kazetaria naiz orain.


…eta egin duzun bereziena… 

Oso oparitzaile txarra naiz. Batez ere, apenas egiten dudalako oparirik. Neskalagunei egin beharreko oparia izaten zen une zailena. Asmatuko ote? Burukominak ematen ditu horrek, are gehiago gainezka dagoen denda batean, beroki handia soinean duzula. Dena den, tontokeria dirudi, baina ilusio handia egiten dit lagun kataluniarrei Olentzero ikazkin mozkortiaren figura txiki bat bidaltzeak. Haiek bueltan tió deitzen duten egur puska eman didate. Badago aldea!


Zer eskatuko diozu urte berriari? 

Sekretuan gordeko dut, bestela ez dira betetzen. Ez, serioski: osasuna, maitasuna eta arrakasta. Gauza asko barnebiltzen dira hiru hitz horietan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago