Zer egiten dute gasteiztarrek Gabonetan?... Irati Anda

hirinet 2012ko abenduaren 25a

irati anda

Gasteiztarrek Gabonak nola bizi dituzten jakin nahi izan du Hirinet-ek. Hori dela eta, galdetegi laburra prestatu dugu eta hiriko lagun batzuk elkarrizketatu ditugu. Gaurkoan, Irati Anda eskalatzailea eta bertsolaria dugu protagonista

 

Gabonak, gustuko dituen horietakoa al zara?

Ez ditut Gabonak gehiegi atsegin. Gabon kanten optimismo irreal horrek piska bat "iratirante" jartzen nau. Neurrigabekeria aurpegian irribar batekin onartzea, bapatean denok elkar maitatzea...eta guzti hau urte berria astearekin batera desagertu egiten da eta mutur luzeak, krisialdi ekonomiko eta pertsonalak, gorrotoak...agerian geratzen dira. Ez ditut Gabonak gehiegi atsegin ez.


Zein izango litzateke zure plan ideala egun hauetan?

Urte berriari ongi etorria eguzkipean egitea. Gabon gaba familiarekin igarotzen dut eta urte berrirako kuadrilarekin noa Tenerifera edo Gran Canariasera. Eskalatzeko planen bat ere ona iruditzen zait, horrek ez du sekula kale egiten...kar, kar...


..eta egin ohi duzuna?

Niretzako Gabonak ez dira sekula izan konpromiso garai bat. Nahi dudana egin ohi dut. Familiarekin gustora afaldu edo eskalatu. Gabonetan hiri handietatik ateratzeko nahia sentitu ohi dut.


Gabonetan jaso duzun oparirik bereziena…

Kotxe batera igo ninduten behin, begiak itxi eta niretzako sorpresa bat zegoela esanez. Ez nekien nora nihoan. Begietako benda kendu zidatenean Bilbon nengoen, Circo del Sol ikusteko eserita. Bereziena ez zen oparia, nola eman zidaten baizik. Izugarri gustatu zitzaidan.


…eta egin duzun bereziena…

Ziurrenik Gabonetan egin dudan bereziena 15 urterekin Maroko aldera joatea izan da. Lagun talde batekin Gabonak pasatzeko plana atera zen eta gurasoei ez zitzaien ideia txarra iruditu. Todran eskalatzen eman genituen1997ko gabonak.


Zer eskatuko diozu urte berriari?

Topikoa izan arren osasuna eta bakea eskatuko dizkiot. Pertsonok elkar ulertzeko borondatea eta gure zorionen gehiago pentsatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago