Horra, horra!

hirinet 2012ko abe. 21a, 01:00

olentzerodesfileaHorra, horra!

Semea galdezka ibiltzeko adinean dago, jada. Egunero harritzen nau itaun batekin, eta, batzuetan, gorriak ikusi ditut bere adinerako erantzun egoki bat bilatzeko. Ematen du haren espezialitatea galderen bidez ni kinka larrian jartzea dela. Azken estutasun hori joan den astean nozitu nuen. Zuzen etorri zen nire bila, eta, aurpegia ikusita, banekien galdera bat ezpainetan zekarrela, botatzeko prest. Aita! —esan zidan mutikoak— zuk zertan egiten duzu lan?

Dedio! —pentsatu nuen nire golkorako, ailegatu da eguna. Betidanik galdera hori erantzutearen beldur izan naiz, nahiz eta mila aldiz pentsatu nola azalduko niokeen. Amak eta biok erabaki genuen ogibidearen asuntoa ahalik eta beranduen kontatzea, ez baitzen batere erraza azalpen sinesgarria ematea. Eta han nengoen galderaren aurrean, bihotza erdi gelditua, hurrengo taupada noiz ailegatuko.


Eskerrak ailegatu zitzaidan, hitz batzuekin batera. Bada, bada… —zuk badakizu aitak herrian lan egiten duela —erantzun nion semeak erantzuna ontzat ematen zuen itxaropenarekin. Baina azkarregia da mutila, eta berehala egin zuen berriro galdera beste modu batean formulatua. Bai, aita –erantzun zidan— baina… Galdera birformulatzeko behar zuen denbora aringarria izan zen niretzat.


Memento horretan ulertu nuen bertso-saio batean zenbat eskertzen dituzten bertsolariek publikoaren txaloak; izan ere, txalo tarte horrek hurrengo bertsoa prestatzeko aukera ematen die. Nire kasuan, egindako geldialdi horrek arnasa hartzeko eta kontatu behar nuen erantzuna neure buruan bilatzeko aukera eman zidan.


Baina… inoiz ez didazu esan —jarraitu zuen haurrak— zer egiten duzun herrian bertan. Beno, maitea—hasi nintzen urteetan zehar prestatutako diskurtsoa— badakizu aita egunero herrira joaten dela, mendian bertan lan egiten duelako. Mendian egurra pilatzeaz arduratzen da, eta, egur hori metatu eta gero, lurrarekin estaltzen ditu adar guztiak. Sua ematen die adarrei, baina ia-ia oxigeno barik (horrexegatik estaltzen ditu adarrak lurrarekin, oxigeno gutxi izan dadin).


Helburua ikatza egitea da, eta ez da gauza makala, mutil. Denbora beharrezkoa da egur hori astiro-astiro ikatz bihur dadin. Beraz, esan daiteke aita ikazkina dela. Zer iruditzen zaizu? —galdetu nion ea konforme zegoen—. Ondo, aita —erantzun zidan—, baina, zertarako eramaten duzu zaku beltz hori? Lortutako ikatza herriz herri saltzen dut, eta poltsa bat behar dut leku batetik bestera eramateko, ezta? Ah! —baieztatu zuen buruarekin—. Argi geratu zaizu? Bai, aita, oso argi— erantzun zidan semeak.


Ez dakit hura benetan ase geratu zen erantzunarekin. Egia esanda, nik ere ez dakit guztiz konforme geratu nintzen emandako azalpenarekin, baina, barrutik, lasaiago nintzela sentitu nuen. Ez zen batere erraza izan, baina, mementoz, egoera salbatuta zegoela pentsatu nuen, auskalo noiz arte. Zaila da nire lanbideaz umearekin mintzatzea. Azken finean, nola azaldu —modu egokian eta ilusioa zapaldu barik— zortzi urteko ume bati bere aita Olentzero dela?


Egilea: Susana Bustamante Gallego

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago