Chef film komikoa

hirinet 2012ko abenduaren 19a

el-chef-cartelFrantziako goi-mailako sukaldaritzaren munduari eta 'Michelin' gida ezagunaren izarrei buruzko tirabirak testuinguru dituen komedia dibertigarri honek ez du aspertzeko astirik ematen. Abenduaren 4an estreinatu zen komedia hau Euskadiko hainbat aretotan egongo da ikusgai.

Gasteizko Florida zinema-aretoan Chef komedia frantziarra aurrestreinatu zen abenduaren 4an Zinema Euskaraz programari esker.


Zineuskadi elkarteak (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EPE-APV eta IBAIA ikus-entzunezko ekoizleen taldeek osatzen duten irabazi-asmorik gabeko elkartea) Zinema Euskaraz programa martxan jarri zuen, euskal balio zinematografikoak sustatzeko, euskara kulturaren arloan komunikazio-tresna gisa erabiltzeko eta aisialdiaren arloan normalizazioa bultzatzeko. Eta programa horren eskutik iritsi zaigun azken filma dugu hau.


Daniel Cohenek zuzenduriko komedia ero hau Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan genuen, “Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia” atalean, hain zuzen, eta, orain, Euskal Herriko aretoetara iritsi da.


Alexandre Lagarde chef handia ez da ondo konpontzen bere jatetxearen zuzendaritza berriarekin; gainera, bere sukaldaritza zaharkituta dagoela eta ideiak agortu zaizkiola leporatzen diote, eta izar bat galduz gero kalera botako dutela esan diote. Hori gutxi balitz bezala, Lagarderen sukaldari-taldeko kideak beste jatetxe batzuetara joaten hasi dira, eta Michelin gidaren gastronomia kritikariak aurki joango dira jatetxeko menu berria dastatzera, baina suen maisuak ez daki zer demontre prestatu denboraldi berrirako. Inspirazioa eta laguntzaile berri bat behar ditu.


Jacky Bonnot, berriz, goi-sukaldaritzan zaletua den talentu handiko sukaldari autodidakta eta burugogorra da, Alexandre Lagarderen jarraitzaile sutsua. Hainbat jatetxetatik bidali dute bere “xelebrekerien” ondorioz. Jackyk lana lortu behar du lehenbailehen, andregaia kokoteraino baitago, eta Lagardek berarekin lan egitea proposatzen dio.

 

 

FITXA TEKNIKOA

JATORRIZKO IZENBURUA: Comme un chef

URTEA: 2012

IRAUPENA: 85 min.

HERRIALDEA: Frantzia

ZUZENDARIA: Daniel Cohen

AKTOREAK: Jean Reno, Michaël Youn, Raphaëlle Agogué, Julien Boisselier, Salomé Stévenin, Serge Larivière, Issa Doumbia, Bun Hay Mean, Pierre Vernier, Santiago Segura

GIDOIA: Daniel Cohen

MUSIKA: Nicola Piovani

GENEROA: Komedia


Egilea: Regi Larrucea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago