Anai-arrebak taldea: “Euskal Herriko talde dibertigarriena gara!”

hirinet 2012ko abe. 17a, 10:21

anaiarrebaklogo2010ean hasi zen boskote gipuzkoarra abestiak egiten eta orain dela hilabete eskas proposamen dantzagarriez beteta datorren ‘Oihu’ lehen diskoa kaleratu du. Disco musika, funk eta soula batez ere, baina baita rock, eta popa, –techno-popa– eta bestelakoak nahasten dira datorren abenduaren 21ean, ostiralean, bandak Gora tabernan aurkeztuko duen lanean.

 

Anai-arrebak boskoteak argi utzi du, beraz, posible dela euskaraz ere musika dantzagarria egitea, ezta?

Bai, noski, dantzarako talde asko dago gurean baina gehiengoak ska edo reggae doinuak jorratzen dituzte, gure taldea dantzarako egina dago baina aipatu ditudan estiloekin ez dugu zerikusirik.


Zer aurkituko dugu zuen lan berrian?

Disko polita egin dugu, harro gaude, lan asko egin dugu, ahotsak oso ondo landuta daude eta musikalki nahiko “diskotekeroa” da.


anai-arrebak1Egiten duzuen disko musikak zuri-beltzezko garai hauei kolore ematen diela diozue…

Bai, energia positiboa bidali nahi diogu jendeari, telebista piztu eta hotzikara sartzen zaizu albisteak ikustean.


Post-punk, elektronika, soul, rock, funk, pop eta latinoa dira zuen diskoaren osagaiak. Zein da osagai guzti hauekin lortzen duzuen errezeta?

Dibertsioa, euskal herriko talde dibertigarriena gara, fijo!


Oker ez banaiz, zuetako batzuk metal edo rock musika jotzen duten taldeetatik zatozte. Zer dela eta horrelako salto handia?

Maite dugu musika mota hau eta zure burua hain “gogorra” ez den musika mota ezberdin batera eramatea interesgarria da guretzako, gure eboluzio naturala da.


Datorren abenduaren 21an Gasteizko Gora tabernan izango zarete. Nola dantzaraziko dituzue gasteiztarrak hiriko gau hotzean?

Giroa berotuko dugu, seguru! Bi aukera dituzu gure kontzertuetan: dantzatu edo diskoa ixten duen abestian esaten dugun bezala: “gure dantza eroak, k.o uzten ditu memeloak”.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago