Irregulartasunak salatu dituzte Gasteizko Udalean

hirinet 2012ko abe. 14a, 13:03
antonOposizioko taldeek salatu dutenez, bat baino gehiago izaten ari dira azkenaldian Gasteizko Udala eta irregulartasunak lotzen dituzten zantzuak. Azkeneko biak Ensanche 21 udal elkartearekin eta Gonzalo Anton enpresarioarekin sinatutako alokairu bateko akordioarekin lotuta daude.

Bildu Gasteizek aurkeztutako dokumentuetan bi sustatzaile pribatuk Elurreta eremuko landa lurzorua erosteko operazioan Udala ordezkatu zutela argitu du eta Ensanche 21 elkartearen kudeaketan aurkitutako “hamaikagarren irregulartasuna” dela gaineratu. Zentzu berean, EAJ-ko udal taldeak, Ensache 21 sozietateak 2005ean landa-lurzorua merkatuko prezioak zioena baino 34 aldiz gehiago ordainduta erosi zuela azaldu du. Hau da, eskainitako datuen arabera, lurzoruko metro karratuak 1,50 euroko kostua bazuen ere, udal elkarteak 51 eurotan ordaindu zuen.

Bi alderdien ustetan, “espekulatzeko” diru publikoa erabili zen eta bat datoz ere orain arte informazioa ezkutatzen ari direla esaterakoan. EAJ-k Marotok azalpenak eman ditzan eskatu du. Bere aldetik, koalizio independentistak Ensanche 21 “berehala” disolbatzea eskatu du, baita Alfredo Piris sozietateko gerentea segituan kargutik kentzeko eta PPk zein PSEk eragotzi zuten ikerketa batzordea behingoz osatzea ere.

Ustezko espekulazio urbanistiko honetaz gain, puri-purian izan da azken egunotan Gonzalo Anton enpresarioaren alokairuaren kasua. Iker Armentia kazetariak bere blogean argitaratu zuenez, orain dela bost urte, PP indarrean zela, udal gobernuak San Antonio kaleko 10. zenbakiko bulegoak alokatu zituen, herritarrei laguntzeko bulegoak bertan instalatzeko xedearekin. Alta, halakorik ez zen eman.

Honen harira, Bildu Gasteizek ondorengoa eman zuen jakitera: “SICAP izeneko dokumentuak erakusten du Gonzalo Antonek dioena errealitatearekin ez datorrela bat. Ordainketen erregistro ofizialean ikusten denez, hileko alokairua ez da 21947 eurotik beherakoa, hots, kopuru hori askoz handiagoa da Antonek aitortutako 18000 euro horiek baino”. Hilero, Udalak jabeak berak egindako egokitzapen lanen amortizazioa ere ordaintzen duela gaineratu zuten. Koalizoak kalkulatu duenez, “hilero, Anton enpresaioak 50000 euro inguru eramaten ditu diru publikotik”. Diru kopuru horretan lokala, trastelekua eta hiru aparkalekuak sartzeaz gain, Udalak ere Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ere ordaintzen dio.

2007an lokala eskuratzeko eraikinaren jabearekin sinatu zuen Sbayre enpresak eta orduko alkate Alfonso Alonsok zein Ogasun zinegotzi zen Javier Matorok. Gonzalo Anton Sbayre enpresako presidente izandakoa da.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide