Non daude txalo horiek?

hirinet 2012ko abe. 14a, 10:57

FloridazinemaEz dakit jende askok dakien Gasteizko Florida zinemetako kafetegian kontsumizioa euskaraz eskatuz gero % 10eko deskontua egiten dizutela.


Duela aste batzuk ikusi nuen oharra: “Euskaraz eskatuz gero, % 10eko deskontua”. Harritu egin nintzen, eta poztu. Baina lehengoan Iñaki Martínez de Luna soziologoari entzun nion, Hirinet honetan bertan, honen kasu berdin batean (edo bera al da?) protestak izan zirela erdaldunen aldetik eta atzera egin zutela.


Beraz, ez nuen halakorik espero baina atzo gauean «txokolate bat» eskatu nuen zineman sartu baino lehen, eta merkeagoa atera zitzaidan.


Honen guztiaren ondorio interesgarriena Iñakik berak aipatu zuen mahai-inguruan: euskararen aldeko diskriminazioaren kontra altxatzen den diskurtso erdaltzalea neutralizatzen jakin behar dugula. Euskararen aldeko neurrien kontra bost salaketa jasotzen baditu Florida zinemak, eta aldeko mezurik ez, argi dago zer egingo duen: “dagoen” presioari men. Horregatik, askotan egin beharreko galdera iruditzen zait: “non daude txalo horiek?”

 

Martin Rezola

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago