Espainia Plaza ala Plaza Berria?

hirinet 2012ko abe. 12a, 09:56

Plaza-BerriaEspainia Plaza du izen ofiziala. Gasteiztar askok, aldiz, Plaza Berria deitzen dute. Espainiari fobia ala arrasto frankistak? Nondik dator Plaza Berria izena?

Gasteizko udaletxea dagoen plaza Iberiar penintsulako karratuena da. 61 metro luze eta zabal. Justo Antonio Olagibel arkitektoak diseinatu eta 1791 urtean amaitu zuten eraikin neoklasikoa. Horiek dira turistei eskaintzen zaizkien datuak. Eta nola du plazak izena? Nori galdetzen diozun arabera… beste behin Vitoria kontserbadorearen eta Gasteiz abertzalearen arteko talka azaleratzen da hitzek uzten duten esanahien zirrikituetatik.

Plazaren izen ofiziala Espainia Plaza/Plaza de España da, baina herritar askok eta askok Plaza Berria/Plaza Nueva deitzen dute. Kanpoko askok eta ez gasteiztar gutxik pentsatuko dute “Espainia” hitzari zaion fobiaren ondorio dela Plaza Berria deitzea. Izan badu konnotazio hori, ezin ukatu. Halere, argudio sinple horretatik haratago, hiriaren historia hurbilera bidaiatuz gero, Plaza Berria izenaren erabilera aski justifikatua dago… eta, batez ere, Espainia Plaza izena arbuiagarria da. Baina, ez gaitezen aurretu. Jo dezagun 1791ko Gasteiz txiki hartara plazaren izenak izan duen bilakaera gorabeheratsua ikusteko.

plaza-berria-Goitik

Plaza berria Goitik, Google Earth, Jabetza publikoa


Almendra itxurako Alde Zaharreko mugak gaindituta, XVIIIgarren mendeko Gasteiz hazkundean zegoen. Trena heldu berria zen. Garai hartan Andra Maria Zuriaren plazak Plaza Zaharra zuen izena. Logika handiz eta irudimen gutxiz, Olagibelen eraikuntzari Plaza Nueva jarri zioten izena 1791 urtean. Bata bestearen ondoan zeuden beraz zaharra eta berria. Plazaren jatorrizko izena beraz Plaza Berria da, askok ez badakite ere. Halere, aipatzekoa da plazaren proiektua garatzen ari zirenean, 1781-1791 urteetan, Plaza Mayor deitzen zutela udal ordezkariek. Halere, Plaza Nueva errotu zen, beste izena betiko baztertuz.

1820 urtean heldu zen plaza izenaren lehendabiziko aldaketa. Hor hasi zen gaur arte iraun duen esanahi politikoen jolasa, edo beste modu batean esanda, leku izenak unean uneko botere politikoa legitimatzeko borroka. Aurrerantzean, Plaza de la Constitución izango zen, 1812 urtean Kadizen onartu zuten Espainiako Konstituzio liberalaren omenez. Halaxe izan zen 127 urte geroago, 1927an, Plaza de Alfonso XIII bihurtu zen arte. Ez zuen errege borboitarrak asko iraun Gasteizko erdigunean.

Espainiako Bigarren Errepublikarekin batera, 1931 urtean, Alfonso XIII erregeak penintsulatik alde egin zuen, eta Gasteizko bere laudoriozko plazak hirugarren aldiz aldatu zuen izena: Plaza de la República/ Errepublikaren Plaza. Ez zuen asko iraun, baina Alfonso XIII erregeak baino urtebete gehiago: bost urte.

Espainiako armadak 1936an Gasteizko erresistentzia errepublikarra eta abertzalea zapaldu zuen. Francisco Francoren estatu kolpea garaile atera zen hirian. Zapaltzaileak zanpatua hil ez ezik, historiaren berridazketa bere menpe izan behar zuen. Hiriak sinbolo frankistez jositzea zen galtzaileen umilaziorako beste ataletako bat. Hala, gaur Gasteizko Etorbidea dena, Avenida del Generalísimo Franco izendatu zuten. Eta, Errepublikaren Plazari, zer gertatu zitzaion?

” (…) en homenaje a la España ultrajada, viva representación de las aspiraciones del verdadero Pueblo Español, que ajeno a toda otra idea, tan solo aspira al engrandecimiento y salvación de la patria”  

Hitz horiekin bataiatu zuten frankistek Plaza de España. Gaur arte. Plazaren izena aldatzeko proposamenek ez dute udal taldeen adostasunik izan, eta izen frankistari eutsi dio.

Laburbilduz: Plazak bost izen ofizial ezberdin izan ditu, lehenbizikoa Plaza Berria, eta, azkena, kolpistek jarria Espainia Plaza. Gaur egun, biak ala biak esaten dira. Bata ala bestea erabiltzea ez da inor politikoki etiketatzeko nahikoa, baina bai zantzu bat.


Egilea: Iñaki Larrañaga (Zuzeu.com-en argitaratua)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago