Oraingoan, ipuin-bilduma batekin zatoz. Zer aurkituko du irakurleak istorio hauetan?
Liburuko ipuinetako pertsonaia guztiak daude bizitzaren erdigunean edo haratago, eta kezkatuta daude, larri, denbora aurrera doala konturatzen direlako, batetik, eta bestetik, ez dutelako euren burua ezagutzen, jada ez dira ordura arte izan direnak. Ipuin batean, emakume batek hala diotso beste bati: zailena ez da zahartzea...zailena zahartzen hastea da. Eta hor daude ipuin hauetako pertsonaia asko. Zahartzen hasita.
Nobela bat idazterakoan istorio bat eta pertsonaia konkretu batzuk landu behar dira, baina ipuin-bildumaren kasuan, asko dira istorioak eta pertsonaiak ere. Konplexuagoa al da, beraz, horrelako lan bat egitea?
Nik ez nuke esango bata bestea baino zailagoa edo konplexuagoa denik. Nobela bat edo ipuinak idaztea oso ezberdina da. Ni gustura bueltatu naiz ipuinetara azken nobela idatzi ondoren, izan ere, nobela baten idazketan murgilduta zaudenean, badago zerbait obsesiboa bihurtzen dena, egunero baitzaude pertsonaia berdinekin, eszenatoki berdinekin lanean. Eta zentzu horretan, ipuinek zapping mentala egiteko aukera ematen dizute, ipuin batetik bestera pasatuz, aldatzen baitira pertsonaiak, lekuak, gaiak... Dena den, nahiz eta ipuin ezberdinak izan badute denek batasun bat, sakoneko gaia antzekoa baita guztietan.
Kasu honetan gainera, pertsonaiak eta euren sentimenduak dira protagonistak, ezta? Nolakoak dira pertsonaia hauek?
Denek sentitzen dute barruan ahalako zulo bat, hutsune bat, nola estali eza dakitena. Zerbait behar dute, baina kasu askotan ez dakite zer den. Zerbait jateko gogoa duzunean eta zer den asmatzen ez dakizunean bezala. Insatisfakzioa da nagusi liburuan, baina ez dut ikuspuntu tragiko batetik landu, umore apur bat erabili dut.
Pertsonaia hauek guztiak bizitzarekin pozik ez daudela esan daiteke. Egungo gizartean joera hau nagusitzen ari dela uste al duzu?
Insatisfakzioa izan daiteke sufritzen dugun gaitzetako bat. Daukagunarekin pozik izaten ikastea ez da hain erraza.
‘Ez naiz ni’ izenburu horrekin, zure burua liburuan kontatzen duzunarekin urrundu nahi al duzu?
Ez, ez da hori. Ez naiz ni horrekin nire pertsonaiei buruz ari naiz. Ez naiz ni esaten dute, heldu direlako bizitzaren une batera zeinean ez duten euren burua ezagutzen, zaila egiten zaie kokatzen.
Izan ere, drama hauen aurrean, umorea ez da falta liburuan...
Askotan umorea izan daiteke drama bat edo une larri bat islatzeko modu eraginkorrena. Zenbait egoera umorearen bitartez bakarrik azaldu nezakeela sentitu dut. Umoreak haiengana gerturatzen lagundu dit. Gai batzuetara zaila da iristea umorea edo ironiaren bitartez egiten ez bada. Pertsonaia batzuk barregarri geratzen dira ipuin hauetan. Baina norberaren buruari barre egiten diogun modu berean egin diet barre, kariño eta errukiarekin.
‘Ez naiz ni’ duzu Karmele Jaiok labetik atera berri duen lana. “Zahartzen hasita” dauden pertsonai ezberdinen bizipenek eraikitzen dute 12 istorioz osatutako ipuin-bilduma berria. Idazle gasteiztarrarekin hitz egin dugu, ‘Ez naiz ni’ hobeto ezagutzeko asmoz.