Gabonetako gozokiak II, makaronak

hirinet 2012ko abe. 5a, 10:41

maka6-finiturikOrain makaronak, lagun handi bati esker, Igoneri esker. Hasteko hiru zuringoz merenge sendo bat egin. Gatz pixar batek ondo harrotzen laguntzen omen (ez pixar eta pitxar nahastu, bertzenaz ezin jan geratuko zarete). Ez azukrerik gehitu amaitzeko zorian izan arte. Ia guztiz harroturik denean, 50 gr azukre gehitu, zuringoa astintzeari utzi gabe.

Bestalde, ontzi batera 280 gr azukre-hauts eta 160 gr almendra irin bahetu, eta nahastu (pausu hori zuringoak harrotzen hasi aurretik ematea komeni da). Merengea minutu erdiz berriz astindu, eta azukre eta almendra irin nahasketaren erdia gehitu. maka1-makaronen-osagaiakGoilara batez edo silikonazko espatulaz homogeneizatu, merengea eror ez dadin. Orduan, gainontzeko azukre eta almendra irina gehitu, eta segi nahasten, ore likatsu homogeneo bat erdietsi arte. Bainila zaporedun azukrea izanez gero, gehitu goilarakadatxo bat bigarren erdi horrekin batera, zapore politta emanen dio. Mahuka bat lagun, egin hiruzpalau zentimetroko borobiltxoak, dominatxoen itxurakoak. Orduerdi bat-edo utzi egonean, eta laberatu. 150 gradotan 20 edo 25 minutuz izateko.


maka2-merengeaLehortu, gogortu eta kolore beix politt bat hartuko dute gure esfera-erditxoek. Hoztu ondoren binaka lotuko ditugu, zerbaiten laguntzaz. Nik txokolate beltz apur bat urtu, eta horrekin itsatsi ditut. Kremaz, erreximentaz, edo bururatzen zaizuenaz ere egin daiteke, doike. Gero G-aren kontuari buelta bat gehiago emateko, txokolate zuriz eginiko zera bat jarri diet burutik behera.

 

 

 

 

 

maka3-formak-egindaEgiten badituzue, ez zaizue damutuko. Dendakoek bezainbat gizentzen dute (gehiago, akaso, gozokien eraikuntzan emozionatzen bagara), baina guhaurek egina; etxean, etxeko osagaiez, eta maitasun pilaz (hala behar). Arestian esan bezala, mila esker eta muxu handi bana Onintzari eta Igoneri. Gozoki hauek dastatzen hasi orduko hasiko da bat baino gehiago eskerrak eta muxuak banatzen...

 

 

 

 

 

 

maka5-montaturikJolasa: asma dezagun hitz bat gozoki hauek izendatzeko. Bota.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago