Gabonetako gozokiak I, polboroiak

hirinet 2012ko abe. 5a, 10:26

polbo5-finiturik2Tira, hemen gara, beste behin, zuen gogo eta urdaila gozatzeko saiakeran. Gaurkoan, Gabonak gainean direla-eta, gozoki parea. Dakizuen bezala, ez naiz ni oso gabon zalea, eta, akaso, inor harritu egingo da nik Gabonak aitzaki hartu izanaz. Kontua da gabon zalea ez, baina gozo zalea amorratua naizela, eta horrexegatik, ba, hara hemen pare bat.

Inguruko herrietatik datoz biak ala biak; bata, Espainiatik, eta, bestea, Frantziatik (ederra paradoxa, e?): Polboroia eta Makarona. Eta biak ala biak, maileguan hartu eta erositako prezioan zuei salduak.

Polboroia guztiok ezagutzen dugu; txerri gantz eta almendrak osaturik, pamplona ahoskatzea ekiditen duen zeratxo hori. Baldin badak aholkatzen zuen gisan, etsaia basamortura joan delarik bakailaoaren ostean eman beharrekoa. Eta bestea, makarona (macaron, frantsesez), labeak lehorturiko merengetxo antzekoa. Gatozen, bada, sukaldera.


polbo1-polboroien-osagaiakGaurkoan, polboroiekin hasiko gara. Errezeta hau mintzakide batek azaldu zidan lehengoan, Onintzak. Hasteko; 60 gr almendra txikitu, beste 60 gr almendra-irin eta sesamo eskukada bat (30 bat gr) paderan ipini eta apur bat txigortuko dugu, batere oliorik gabe. Bost-bat minutu nahiko izanen da, almendra usaina botatzen hasten den arte. Bol edo ontzi batera botako dugu, eta horren gainera 100 gr txerri gantz.


Padera berean 250 gr ogirin ipiniko dugu, eta almendrarekin egin bezala, apur bat txigortuko dugu. Lehen bezala, batere oliorik gabe, eta etengabe mugituaz (erre eginen baita bertzenaz). Hamar bat minutu izanen dugu horrela, ogi usaina-edo eskaintzen digun arte. Eta hori ere aurreko ontzira, aurrekoaren gainera. Guztiaren beroak txerri gantza urtuko du minutu pare batean. Orduan 250 gr azukre-hauts gehituko diogu, eta, eskuz, guztia nahastuko dugu, hauts marroixka homogeneo bat lortu arte (ondo nahasia dagoenean arrautzak astintzeko hagatxodun erremintaz eragin daiteke orea pixkat laxatzeko-edo).polbo2-nahasketa


 

 

Nolabait errateko, polboroia egina dago, janztea soilik falta zaigu. Zilindroren batez, eta zanpatzeko zerbaitez (momentu honetan imajinazioari eragin beharko diozue, etxekolan gisa), forma borobilak egin daitezke (beldurrik gabe zanpatu orea, bat egin dadin). Nik hozkailuan utzi nituen biharamunera arte, hotzak sendotuko zituelakoan (gantzari esker). Gero azukre-hauts pixkat gainetik hautseztatu, eta lixto. polbo4-ia-prestEta nota nahi baduzue, Dato kaleko Egia kafe-dendara jo eta polboroiak biltzeko papera erosi (paper mordo bat 2 euroren truke), eta "profesionalizatu" zuen lana. Paperak espainieraz soilik topatu ditut, baina, tira, bakoitzari berea, ezta?


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago