Bronze taldeak 'Zuhaitz adarrak' disko berria aurkeztu du

hirinet 2012ko abe. 4a, 16:29

bronze12006an martxa hartu zuen Bronze talde gasteiztarrak eta geroztik, makina bat lekuetara eraman du ‘stoner-grunge’ bezala izendatua izan den estiloa. Izan ere, 2012eko Azkena Rock Festivalean jotzeko aukera izan zuten eta horrez gain, atzerriko zenbait talde eta Euskal Herriko talde garrantzitsu askorekin konpartitu dute oholtza. Oraingoan, rock-era gehiago hurbiltzen den ‘Zuhaitz adarrak’ disko berria aurkeztu digute, “lasaitasunez eta patxadaz” egindako lana, hain zuzen. Ibon, Mikel, Oliver, Kouk eta Iñaki zuzenean ikusteko lehenengo aukera abenduaren 5ean izango duzu Hell Doradon. Bitartean, disko berri honen nondik-norakoak azaldu dizkigute elkarrizketa honetan.


Zer aurkituko dugu ‘Zuhaitz adarrak’ lan berri honetan?

Azken urteetan egindako ibilbidearen ondorioa, bai lokalean eta pertsonalki, letretan islatua. Musikalki, asko landutakoak daude bertan, estilo desberdinekoak, beti ere indar handiarekin. Honetan hamabi kanta berri aurkituko ditugu non melodiak, erritmo sendoak eta estruktura sinpleago eta orekatuagoak nagusi diren.


bronzediskoaAuto-ekoiztutako diskoa da ‘Zuhaitz adarrak’, baina zentzu osoan hartuta, izan ere, packaging-a bera ere eskuz egin duzue taldekoek. Zergatik auto-ekoizteko erabaki hau?

Hasieratik horrela egitea erabaki genuen. Alde batetik, ekonomikoki grabaketari garrantzia gehiago emateko eta beste alde batetik, zerbait originala eta desberdina delako. Izan ere, Oliver abeslariak, marrazteko grina handia du eta bere inspiraziotik sortutako ideia da. Gainera CD guztiak desberdinak dira, inprimaketa eskuz egina delako.


Diskoa prestatzeko prozesua “lasaitasunez” hartu duzuela diozue.  Baina nolakoa izan da prozesu hau? Eraginik izan al du emaitzan?

Egia esan, Aitor Amozarrainek (Zino) eta Aitor Acostak (Atxux) asko lagundu gaituzte kantuetako azken ukituak ematerakoan. Zati batzuk aldatu, hobetu edo garbitu egin dira grabatu bitartean. Gauzak horrela, espero baino denbora gehiago behar izan dugu grabaketarako. Baina, hartutako denbora hau diskoaren onerako izan da. Era honetan, kantuek heldutasun puntu bat hartu dute eta plazer bat izan da lagun artean grabaketa patxadaz egitea.


Noren laguntza jaso duzue oraingoan?

Lehen esan bezala Zinok eta Atxuxek grabaketaz haratago lagundu gaituzte. Nahasketan, Anselmo Callejaren laguntza ere izan dugu, Zinoren lanaz gain. Bateria grabatzerako orduan, esanguratsuak izan dira Nando de la Casaren aholkuak, bateria jotzen maisua baita. Bateriak Nandoren estudioan grabatuak izan dira. Masterra egiteko Madrilgo "Mastering Mansion"era bidali du, Nick Litwin-en gidaritzapean. Nick-en esku ona masterra osatzeko ezin da zalantzan jarri. Honetaz guztiaz gain, Libek bi kantutan bere ahots, sakona bezain leuna, oparitu digu; “Olatu Bat” eta “Gure Jabe” kantuetan zehazki. Diskoaren diseinu grafikoari dagokionez, Yoryoren laguntza izan dugu Oliverren lana jarraituz.


‘Bronze’ lehenengo lanetik ‘Zuhaitz adarrak’ bigarren lanera, nola aldatu da zuen musika, zerbaitetan aldatu baldin bada?

“Zuahaitz Adarrak” diskoa prestatzeko denbora gehiago izateak eragin zuzena izan du abestietan eta aldaketak nabariak dira aurreko lanarekin konparatuz. Abesti berrien estruktura orokorra asko sinpletu dugu, zuzenagoak dira. Soinuan ere aldaketak egon dira, oraingoan instrumentuek gehiago “arnasten” baitute, baina beti ere lehengo erritmo sendoei eta pasarte melodikoei eutsiz.


Zuen musika, beraz, nola definituko zenukete?

Beti Stoner-Grunge bezala “etiketatu” gaituzte eta agian arrazoia dute, baina oraingoan gure estiloa Rock-etik gertuago dago. Diskoa entzuteko aukera izan duten lagunek Grunge-agoa dela eta Stoner oso gutxi dagoela esan dute, auskalo!


Zergatik erabaki zenuten euskaraz abestea?

Euskaraz abestearena erabaki guztiz naturala izan zen guretzat. Betidanik euskal musika asko entzun dugu eta eragina nonbaitetik agertu behar zen. Momentu hori heldu zenean konturatu ginen ingelesez edo gaztelaniaz abestea ez zela guretzat naturala. Gainera euskal kulturari gure ekarpen txiki-txikia egiteko aukera bada ba, primeran!


bronze2Diskoa kalean, orain estudiotik atera eta oholtza gainean igotzeko ordua heldu da. Izan ere, abenduaren 5ean Hell Doradon egongo zarete, 8an, berriz, Durango Azokako Ahotsenean. Nola egiten diozue aurre disko berriaren bigarren etapa honi?

Kontutan izanda diskoa sortzen eta grabatzen denbora pilo bat eman dugula, gure asmo nagusiena lokaletik irtetea da, hau da, zuzenekoak ematea. Momentuz hiru data besterik ez ditugu lotuta; galderan aipatutako biak eta Urtarrilaren 11koa Alegiko Gaztetxean. Badugu aurkezpen bira bat egiteko asmoa, baina hori ondo antolatzeko denbora behar da eta orain arte grabaketarekin eta diskoaren packaging-arekin oso lanpetuta egon gara. Espero dugu laster Bronze taula gainean ikusteko beste daten berri ematea, baina momentuz ez galdu aukera! Kar, kar!


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago