Zuk zergatik ez…?

hirinet 2012ko abe. 4a, 11:11
lasterkaKirola gustatzen zaizula? Lana dela eta denbora gutxi duzula? Langabezian zaudela? Ez dakizula zein kirol praktikatu? Sasoi fisikoan jarri nahi duzula? Kilo batzuk galdu nahi dituzula?

Hona hemen zuretzat egokia den kirola: inolako polikiroldegirik behar ez duena; hiriaz eta bere inguruaz gozatzeko aukera emango dizuna; aire garbia arnastuz zure birikak elikatuko dituena; bakarka, taldean edota bikotearekin burutu dezakezuna; zure etengabeko kezka eta estresa baretuko duena eta horiei aurre egiteko motibazio eta ideiak emango dizkizuna; barne lasaitasun eta ongizatea sorraraziko dizuna…

Mintzatzen ari natzaizun kirola, LASTERKA da!

Jakin badakit, askok aurpegi luzea ipini duzuela, kirol hau lesioekin eta sufrimenduarekin lotua dagoelako sozialki, zenbait kasutan norbere burua gai ikusten ez duelako, eta bati baino gehiagori ziur beldurra sortarazten diolako. Dena den, esan beste kirol mota bat praktikatzeak bezainbesteko arriskua duela, hau da, oso ttikia eta aldiz onura asko ditu. Gainera, zu ere gai zara, besteok moduan, baina ez duzu hori jakingo lehen pausua eman arte, lasterka hasi arte, hain zuzen ere.

Esango nuke behin baino gehiagotan sentitu duzula korri egiteko grina, askotan esan duzula “nik ere nahiko nuke korri egin”, kalean beste pertsona bat lasterka ikustean, hirian burutzen diren lasterketa probak ikustean, korri egiten duen zure lagun batek gonbita luzatzean… Baina beti, zerbaitek atzera bota zaitu, hori bai, gaur arte!

Izan ere, hurrengo asteetan, lasterkako oinarrizko gomendio batzuk eta entrenamendu pausuak eskainiko ditut (materiala, elikadura…), honela, oinarrizko informazioa izanda, prest egongo zarelarik urte berria ilusioz betetako erronka honekin hasteko.

Halaber, lasterka egiten hasteko irrika geldiezina sortu bazaizu, hona hemen aste honetarako proposamena:


1-Eguna: 3min oinez, 2min lasterka, 4 aldiz errepikatu. Guztira 20min.

2-Eguna: 3min oinez, 2min lasterka, 4 aldiz errepikatu. Guztira 20min.

3-Eguna: 3min oinez, 2min lasterka, 5 aldiz errepikatu. Guztira 25min.

Iturria HEMEN 


Gomendio gisa esan, hasieran eta bukaeran, hurrenez hurren beroketa eta barealdi gisa, egokia litzatekeela 15 minutu oinez ibiltzea. Bestetik, aipatu helburua ez dela lasterka azkar egitea, baizik eta hemendik hilabete gutxira minutu dezente lasterka egitea, beraz lasai hartu!


Mikel Villarrolain

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide