Gasteizen lurreratzen

hirinet 2012ko aza. 30a, 10:32

gasteizenlurreratzen2Gure gaurko protagonistek zerbait dute komunean: urte hasieran ez zekiten ia ezer Gasteizi buruz eta hilabete batzuk beranduago hemen bizi dira lan edo ikasketengatik. Eguneroko bizitzak euren esperientziak elkartu dira modu batean edo bestean eta, oraindik lurreratzen ari direnean, izan dituzten lehenengo sentsazioak horiek ezagutu nahi ditugu.

Marta Benguria Irungoa da eta maiatzean lanean hasi zen beka batekin Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetan. Gasteiz, Euskal Herriko hiriburu ezezaguna zen berarentzat eta orain arte gehien gustatu zaiona “ekintza kulturalak dira. Magia, zientzia, telebista, jazz-a… hainbat festibal eta jaialdi bizi izan ditut denbora gutxian, zinera joaten gara astero hiru euro ordainduta eta ezin dugu ahaztu osteguneko pintxo potea, gaueko giroa paregabea da!”.

Mayte Galardi getxotarra bere bekakidea da eta hona etorri baino lehen hiriaren topikoak ezagutzen zituen: “Hotza, patatak, saskibaloia, euskal erakundeak eta Gamarrako igerilekuak, Bizkaiko beste edozein ikaslek bezala”. Bere egoera berezia da aurretik ere hemen praktikak egin zituelako eta bere mutila gasteiztarra delako: “Hiriak bere gertutasunez irabazi nau, jendea Bilbon baina hurbilagoa (eta ez hain harroa) da eta Altubeko beste aldean uste duten baino giro biziago dago”. Kostaldearekin alderatuz, Gasteiz asko gustatzen zaio “neguan, irudi polit asko baitago elurra egiten duenean, Getxon aurkitzen ez duguna”.


Txoko guztietatik


gasteizenlurreratzenGasteizen ez ditugu bakarrik euskaldunak, txoko guztietako ikasleak EHUan ikasketak egitera etortzen direlako. Hauen artean, María del Corral eredu ona da, Cáceres probintzian dagoen Arroyo de la Luz herrian jaioa, Sevillan burutu ditu ikasketak eta kurtso honetan etorri da ‘Elikadura-kalitatea eta segurtasuna masterra’ egitera, bere lagunmina den Elena Romerorekin. Maríak hiria gogoko du baina, hegoaldekoa izanda, hotzaren zain dago: “Udan etorri nintzenean Ullibarri-Ganboako hondartzak ezagutu nituen, baina orain tenperatu baxuak sentitzen hasi naiz; nire bizitzan elurra birritan baino ez dut ikusi eta ez nago ohituta zero azpitik bizitzera”. Maríak ez daki ekarri duen arroparekin nahiko izango den, baina negua pasatzeko erremedio ezinhobea dauka: “saldak eta lapikoko beroak”. Elenak, bere lagunak,  Euskal Herriko beste txoko asko ezagutzen zituen, Gasteiz ez ordea, bere ustez “kanpoan gutxi sustatzen baita, hiri guztiz ezezaguna zen niretzat”. Gazte honek “kaleak beti jendez beteta” ikusten ditu “agian oraindik hotz handia egin ez duelako. Iristen denean, prest egongo naiz ‘snowboard’-ean aritzeko erabiltzen dudan arroparekin”.

Aurtengo Green Capital-arekin, ezin dira ingurugiroaren erreferentziak falta. Salamanca-ko Bea Oleak master bera ikasten du eta “Alde Zaharreko eta Erdiguneko denda eta giroaz gain”, hiriaren gune berdeak deigarriak egin zaizkio: “Zuhaitzak eta parkeak hirian bertan daude eta nonahi zaudela aire freskoa arnasten ari zarela sentitzen duzu”; beste faktore on bat “leku hauetara guztietara iristeko tranbia edo autobusak daudela” dio. Azkenik, Alvaro Senda madrildarra dugu, ikasketak aurreko bi neskekin egiten dituena. “Banekien Gasteiz Euskadiren hiriburua zela, hori da dena, etorri baino lehen ez nuen ezta hiriaren argazkirik ikusi”. Hiru hilabete geroago, oso gustura sentitzen da gure artean “bizitzeko oso hiri erosoa delako, garbia, lasaia eta giro politarekin”.

Gabonetan etxera itzultzen direnean euren familia eta lagunei bizipenak kontatuko dizkiete eta, hemen azaldu diguten bezala ‘saltzen bagaituzte’, laster izango ditugu denak lur hauek bisitatzen. Momentu hura iritsi arte, osteguneko pintxo poteetan aurkituko zarete beraiekin… Ez izan dudarik eta hiriaren sekreturen bat ezagutzen baduzue, erakutsi iezaiozue!

 


Iñaki Goikoetxea

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago