'Herrira noa' ekimen kulturala Gasteizen

hirinet 2012ko aza. 29a, 11:59

Herrira-Noa-Jimmy-JazzDatorren abenduaren 2an, igandean Herrira mugimenduak antolatutako ‘Herrira Noa’ ekimen kulturalaren bigarren saioa izango da Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Gotzon Barandiaranek dinamizatutako ekimena izango da eta bertan hainbat musikari ezagunek espetxea eta sorkuntza lotzen dituzten testuak musikatu edo irakurriko dituzte. Ekimenaren ildoak hobeto ezagutzeko Ane Zelaia Gasteizko Herrirako partaidearekin hitz egin dugu.

Zertan datza ‘Herrira Noa’ ekimen kulturala?

‘Herrira noa’ ekimen kulturala euskal musikari eta idazleen poesia eta kantu emanaldia da. Gotzon Barandiaranek zuzendu du eta euskal idazle eta musikari ezagunen kolaborazioarekin osatu da.  Lau emanaldi izango ditu, jada Gernikakoa ospatu da eta igande honetan Gasteizen emanaldi honekin gozatzeko aukera izango dugu. Emanaldi bakoitza desberdina eta bakarra izango da, ez dira errepikatuko, egun bakoitzean musikari, kantari eta idazle desberdinek parte hartzen baitute.


Helburua bikoitza dela esan daiteke; batetik, Herrira mugimenduak datorren urtarrilaren 12an burutuko duen Herri Mobilizazio Orokorra bultzatu eta bestetik, sentsibilizazioa…

Halaxe da, Urtarrilaren 12rako antolatu dugun mobilizazioa bultzatzeko asmoz sortzen den ekimena da, izan ere, kanpaina guztia ekarpen desberdinekin borobiltzea da asmoa. Horren adierazle dira, ‘Lainoa nahinora doa baina gu herrira goaz’ Joseba Sarrionandiaren koplak, Unai Iturriagaren kartela,  edota Lander Garrok zuzendutako ‘Denbora’ spota.  Guzti hauek, eta Euskal Herri osotik heltzen ari diren atxikimendu, bideo eta idatziekin batera, manifestaldia indartzeaz gain, herritarrek Euskal Preso eta Iheslarien afera konpontzeko bidean duten konpromisoaren adibide dira. Konpromiso hori sormenaren bitartez adierazteko aukerak eman nahi ditugu, ekimen kulturalak horri bide emango dio. Adierazpen kulturalak sentsibilizatzeko erreminta izan daitezke ederki asko.


remi-GASTEIZ-2x4-Nola sortu da ekimen kultural hau gauzatzeko ideia?

Lehen esan bezala Urtarrilak 12ko kanpaina guztia ekarpen desberdinekin osatzeko intentzioa izan du Herrirak. Euskal sortzaileek betidanik idatzi eta kantatu dute Euskal Herriko unean uneko egoerari buruz. Zoritxarrez, Euskal Herriak kartzela eta erbestearekin mendeetako harremana du. Asko dira ere, deserrian edota kartzelan literatura idazten duten preso eta errefuxiatuak, baita idazlan horiek kantura edo poesiara eraman dituzten euskal abeslari eta idazleak. Emanaldi hauetan taulara eramaten diren lanak kartzelan eta erbestean pertsona askok sorturikoak dira, lan horietako batzuentzat plaza da ‘Herrira noa’ ekimen kulturala.


Zer ikusiko dute gasteiztarrek datorren igandean Jimmy Jazz aretoan?

Poesia, kantua, musika… Preso eta iheslarien hitzak, preso ohien ahotsak, senideak… Sarritan ezkutatua den errealitate baten isla ikusiko dute, sentimenduz betea. Partaideak besteak beste, Xabier Izaga, Gari eta Josu Zabala, Mikel Markez izango dira, beste askorekin batera. Dudarik gabe hunkituko gaituen emanaldia izango da, sentipen guzti horiek gerora Urtarrilak 12ko manifestaldia ahaztezin bihurtzeko motore bilakatu behar ditugu.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago