Durangoko azokaren atarian

hirinet 2012ko aza. 27a, 01:00

durangokoazokaUrteroko legea da, abendua hurbiltzen doan neurrian  diskoetxeek, taldeek, eta plataforma ezberdinek disko berrien uzta kaleratzen dute. Urte osoko lanaren ale handi bat egun gutxi batzuetan laburbiltzen da, disko salmenten arrakasta neurri handi batean baldintzatzen du Durangoko Azokan gertatzen denak. Edo hala ematen du behintzat, azken aste eta egunetan etengabeak baitira disko aurkezpenak, aurrerapen abestiak, prentsaurrekoak, etab.

Datozen egun eta asteetan Hirinet-en ohitura bilakatu nahiko genukeen zerbaitetan hasiko gara, disko berriak aurkezten eta horien inguruko iritzia plazaratzen. Baina aurretik, egin dezagun datorkigun uholdearen aipu txiki bat.

Handiek eta txikiek denek dituzte beraien produktuak prest azokarako, Bonberenea Ekintzak bezalako proiektuetatik Elkar bezalako diskoetxe formaletara. Solte edo Skakeitan bezalako talde ia ezezagunetatik Gose edo Bizardunak bezalako talde kontrastatuetara.

Gozategi, Willis Drummond, Balerdi Balerdi, Estankona, Izaki Gardenak, Gorka Knörr, Seiurte, Itziarren Semeak, Mugaldekoak, Anai Arrebak edo Bronze, denek nahi dute bertan egon, denek nahi dute beraien lekutxoa azokan eta Ahotsenean (azken urteetan finkatu den aurkezpen, emanaldi, prentsaurreko, formatu erakargarria egun horietarako).

Pentsatzekoa da, azoka ez komertziala ere egingo dutela Durangoko Sapuetxe Gaztetxean, joan den hamaika ediziotan bezala, hauek ere, nahiz eta komertzialak ez izan han egon nahi dute.

Eta abenduak 10etik aurrera zer gertatuko da? Inork ez du diskorik erosiko? Berriz ere interneten bilatuko ditugu Erresuma Batuan edo Estatu Batuetan bogan dauden talde eta musikak? Non sartzen gara urtean zehar abenduko lau egunetan Durangon egoten garen norbanako horiek guztiak?

Gauzak asko aldatu dira eta duela urte batzuk bost edo hamar mila ale saltzen zituen musikariak gaur egun poz galanta hartuko du ekoitzi dituen mila kopiak gainetik kentzea lortzen badu.

Eta diskoez ari naiz... liburuez hasiko bagina...

 

Eñaut Iraeta

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago