Euskararentzako aurrekontua erdira murriztu nahi du Aldundiak

hirinet 2012ko aza. 23a, 14:24
aldundiaArabako Foru Aldundiak 2013ko aurrekontu proiektuan aurkeztu dituen murrizketetan euskara kaltetuenen artean aurkitzen da. Izan ere, Javier de Andresen gobernuak euskara egitasmoetara bideratuko duen diru saila erdira urrituko du. Euskararen aurkako jarrera hau ez da berria, De Andres agintean dagoenetik, euskarara bideratutako aurrekontua %66 murriztu baitu, hau da, milioi bat euro inguru.

Hortaz, azkenik aurrekontu proiektu hau onartzen baldin bada, murrizketa honek eragin zuzena izango du egun Araban euskara normalizatzeko gauzatzen diren programa ezberdinetan. Besteak beste, Koadrila eta herrietan euskara sustatzea helburu duen Arabako Koadriletako euskara teknikarien sarea desagertu egingo da. Egitasmo hori 2009an jarri zen martxan, Lorena Lopez de Lacalle Euskara, Kultura eta Kirol diputatua zenean.

Geu Elkartea kaltetuen artean aurkitzen da ere eta emandako diru laguntza bertan behera geldituko litzateke. Arabako Merkataritza Ganbera, Eusko Iker Fundazioa eta euskara eta beste hizkuntzetako mintegietarako diru sailak ere desagertu dira 2013ko aurrekontu proiektutik.

Gainontzeko programak, berriz, mantenduko dira, baina murrizketa garrantzitsuekin; Arabako Bertsozale elkarteak, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia, kasu.

Murrizketa hori bereziki adierazgarria da ere dagokion aldundiko sailarekin alderatuta. Euskara, Kultura eta Kirol Sailak mozketa handienetakoa jasan du 2013ko aurrekontu egitasmoan. Hori, baina, euskaran moztu duten batez bestekotik urrun dago. Badaude sail horretan bertan adierazgarriak diren diru sail batzuk; besteak beste, Alaves eta Baskoniarentzat 1,3 eta 1,4 milioi euro bideratu dituzte, hurrenez hurren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide