Zea Mays: “Arrakastarena geltoki bat da, geu bidean ere oso pozik gabiltza”

hirinet 2012ko aza. 23a, 11:46

zea-maysHainbeste poztasun eskaini dizkien ‘Era’ lan arrakastatsuaren birari amaiera emateko gutxi falta denean, Zea Mays talde bilbotarra hurrengo diskoaren lehenengo zertzeladak ematen hasia da. Bi urte inguru iraun duen biran zuzenean ikusteko aukera galdu baduzu, ez kezkatu, Gasteizen izango dira datorren abenduaren 1ean, Jimmy Jazz aretoan eta Geu elkartearen kolaborazioarekin.


Datorren abenduaren 1ean Gasteizen emango duzuen kontzertua ‘Era’ diskoarekin hasitako biraren azkeneko kontzertuetako bat izango da. Gogotsu eta aldi berean triste egongo zaretela pentsatzen dut…

Bai, gogotsu gabiltza ‘Era’ diskoaren bira amaiERA duin bat egiteko. Pare bat urte oso garrantzitsuak pasa dira diskoa aurkeztu genuenetik eta jada ordua da sorkuntza prozesua ekiditeari.


Orain dela bi urte baino gehiago ekin zenioten bira luze honi. Zein da egiten duzuen balorazioa? Nola aldatu da taldea denbora honetan, zerbaitetan aldatu baldin bada?

Beti izan dugu hasiera-hasieratik diskotik diskora gorakada polit bat bai jarraitzaile aldetik baita musika kalitatearen aldetik ere. Gure ustez ‘Era’ diskoaren arrakasta gure ibilbidearen beste pauso oso garrantzitsua izan da. Taldea gero eta sendotuagoa dago eta momentu honetan ereindakoa jasotzen gabiltza, nahiz eta denbora laburrean berriro landatzera pasatuko garen.


Zein izan da gogoratzen duzuen kontzerturik bereziena?

Asko izan dira bakoitza bere ezaugarri konkretuagatik; Bartzelonan Razzmatazen dena leporaino ,San Mamesen finalaren egunean, BBK Liven, Toronton, Liverpolen… Asko izan dira bereziak baina bereziena dudarik gabe Kukutzan jotzea izan zen bota zuten pare bat egun baino lehen. Gaueko hamaiketan hasi ginen kontzertua antolatzen hurrengo egunerako eta hara hurbildu zen andana ikaragarria izan zen. Triste eta aldi berean hunkigarria!


zea-mayskartelaTalde gisa, zer eman dizue Era lanak?

Diskotik diskora lan asko egin dugu eta oso fededunak izan gara gugan. Beti maite izan dugu gure musika eta orain hainbeste jenderen artean konpartitzeak zoriontasun itzela ematen digu.


Zein izan da arrakasta honen gakoa?

Inoiz ez dakizu nola asmatu, baina argi dagoena da nola maite duzun lana buru belarri jarraituz hala izango duzu merezitako saria. Musika gure bizitza da, kontzertu askotara goaz, beti musika berriak entzuteko gogoz gabiltza. Arrakastarena geltoki bat da, geu bidean ere oso pozik gabiltza.


Guzti hau espero al zenuten?

Abestiak egiterakoan ideiak oso argiak irteten ziren eta holakoetan beti ailegatzen zara zuzenago publikoarengana. Oso lan polita genuela esku artean konturatu ginen baina hainbesterako ez genuen pentsatu.


Disko berria ateratzeko asmoa duzue. Zaila izango da erronka berri honi aurre egitea, kontutan hartuta Era-k lortu duen arrakasta, ezta?

Ez da gure kezka handiena. Beti egin dugu aurrera gure erara eta lehen esan dugun bezala hau bakarrik geltoki bat izan da eta badaukagu mila geltoki ezagutzeko. Gure kezka handiena abesti onak eta hunkigarriak egitea da.


Nolakoa izaten da zuen sortze-prozesua?

Ideiak momentu desberdinetan sortzen dira, garrantzitsuena da momentu horretan horren garrantziaz konturatzea. Hau da, sortzeko prozesuan adi egon behar gara gauza arruntak ederrak bihurtzeko. Lokalera ideia bat sartzen da eta denon artean borobiltzen dugu.


Hasiera batean, Era diskoa dendetan ez saltzeko eta kontzertuetan sarrerarekin batera banatzeko erabakia hartu zenuten. Geroago, diskoaren arrakasta ikusita dendetan ere jarri zenuten salgai. Oraingoan ere hasierako filosofia hori mantenduko al duzue?

ERA diskoa auto-produkzio bat da, hau dela eta, hasierako salmenten kopurua guk eramatea zen gure asmoa. Ordaindutakoa berreskuratu dugunean zabaldu egin dugu diskoaren salmentaren tokiak. Taldeek beti egiten dugu promozionatzeko lana, elkarrizketak, kartelak, kontzertuak… Eta dirua errekuperatzeko garaian, kontzertuetan diskoaren salmentarekin beti berandu heltzen ginen ze gehienek bazeukaten diskoa erosita dendetan. Datorren diskoan ez dakigu zer egingo dugun.


Noizko, beraz, Zea Mays-en lan berria?

Dena ondo badoa datorren urteko udazken amaieran.

 

gertutikzeamays

 

 

 

Hirinet-ek Zea Maysek Jimmy Jazz aretoan emango duen kontzerturako hiru sarrera zozkatuko ditu. Informazio gehiago HEMEN


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago