CORTADA film laburren jaialdia, azaroaren 26tik 30era

hirinet 2012ko aza. 22a, 18:03

cortada_cartel_02Azken 16 urteetako udazkenean gertatu ohi den bezala, CORTADA film laburren jaialdia ospatuko da Gasteizen. Formatu txikiena duen zinemarekin zita klasikoa berrikuntza interesgarriekin dator. Izan ere, aurtengo edizioan, lehen aldiz, jaialdiko proiekzio guztiak doakoak izango dira.


Azaroaren 26tik 30era gauzatuko den ekimenaren sail ofizialeko lanak Guridi aretoetan eskainiko dira, (izan ere, orain dela gutxi ateak itxi zituen aretoak okasiorako zabalduko ditu berriro ere). Iaz bezala, sail hau hiru azpigenero nagusitan banatuko da: fikzioa, animazioa eta dokumentalak. Guridi ez ezik, Artium museoa ere jaialdiaren egoitza izango da.


Aurtengo beste berrikuntza Gureak saila izango da, euskal film labur onena sarituko duena. Modu independentean hartuko du parte jaialdian eta bertan parte hartuko duten lanek 2012ko euskal film labur onenari saria jasotzeko aukera izango dute, eta horrez gain, kasuan-kasuan lehiatzen diren ataleko sari nagusia ere irabazi ahalko dute, hau da, fikziozkoa, animaziokoa edo dokumentalen atalekoa. Bidenabar, aurtengo edizioan FREAKY POWER GAUA atalari lekua egingo diote berriz ere, eta hortaz, film labur lotsabako eta bihurrienekin hitzordua egingo dute.


Bestalde, Dokumentalen sailak eta Hemengoak osatzen dute programazioa. Azken honek itxiko du programazioa azaroaren 30ean, probintziako ekoizle berrien lanak sustatzea helburu duen atalak, hain zuzen.  

Aurtengo edizioan aurkeztutako lanen kopurua azpimarratzekoa dela diote antolatzaileek, zifra errekorra lortu baita: 587 film labur aurkeztu dira, hain justu. Azkenean, ekimenaren antolatzaileek lehiaketa osatzen duten sailetan lehiatuko diren 67 film labur aukeratu dituzte, iaz baino 11 gehiago.

CORTADA XVI. Jaialdiari amaiera emateko, ohiko sari banaketa Jimmy Jazz aretoan izango da; antolatuko den jaian, Killer Barbies taldeko kide ohi Silvia Superstar-ren erritmoak izango dira nagusi.

Borja Crespo zinemagilea eta komikigilea, Iratxe Fresneda UPV/EHUko irakaslea eta kazetaria, Iñigo Salinero, Txaflas, aktorea, Aitor Arregi gidoigilea eta ekoizlea, Lander Camarero zinemagilea eta Txaro Landa izango dira jaialdiaren epaimahaia osatuko duten adituak. Guztira, 10 sari banatuko dituzte.

 



Informazio gehiago HEMEN


 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago