Garoña ixteko plana, prest

hirinet 2012ko aza. 19a, 10:00
garonaPoliki-poliki, Santa Maria de Garoña (Burgos) zentral nuklearraren itxierak atzera bueltarik ez duela erakusten duten pausuak ematen ari dira. Azkena, Nuclenorrek berak eman duena, Iberdrolak eta Endesak osatzen duten enpresa, Garoña ustiatzen duena: Zentrala ixteko plana aurkeztuko dio CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari. Betiere, aldaketarik ez bada, zentralak 2013ko uztailaren 6an utziko dio funtzionatzeari.

Itxieraren plan horren aurkezpena beste izapide bat baino ez da, zentral nuklear bat ixteko ibilbide luzearen barruan. Txostenean, enpresak datozen zortzi hilabetetan emango dituen pausoak azaltzen dituzte. Horien artean, zentralaren funtzionamenduaz gain, antolaketa aldaketak, giza baliabideak eta beste zenbait alor azaltzen dira.

Bestalde, itxieraren arrazoiei dagozkienean, ez dago adostasunik. Garoña ustiatzen duen Nuclenor enpresak argindarraren merkatuaren aldaketarekin lotzen duen bitartean, Araba Garoñarik Gabe plataformak ixteko arrazoi nagusia segurtasun eza eta Europako baldintzak betetzeko egin beharreko inbertsioa direla nabarmentzen du.

Zentzu honetan, eraispen prozesuaren fase guztietan jarraipen, informazio eta segurtasuna egiaztatzeko koordinazio gune izan behar duen instituzio arteko batzordea osatzea proposatu du EH Bilduk. Osaketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, Arabako Biltzar Nagusiek, Arabako Foru Aldundiak eta eragin zuzena pairatzen duten koadrilek, udalerrik eta toki batzarrek osatu behar dute. Era berean, herri mugimenduak eta eragile sozial eta ekologistek ere parte hartu behar dutela, adituekin batera, uste du koalizioak.

Adituen arabera, eraispen prozesua hamar bat urtez luzatu daiteke, are gehiago kontuan izanik Garoñaren kasuan gelditze, itxi eta eraispen prozesua oso denbora gutxian prestatu dela. Luzea izateaz gainera, Garoñari agur esateko azken fasea arriskutsua ere izan daitekeela diote energia mota honetan adituak direnek.

 

Zuriñe Etxeberria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide