Udazkeneko oreka dosiak

hirinet 2012ko aza. 8a, 09:26

Amaia Gartzia

 

Guztiok dugu gure barneko huntzak hartu eta kateatzen gaituen momenturen bat. Kanpoan pausuak automatikoki emanagatik ere, geure barruak atzera-aurrera egin ezinik ibiltzen diren uneak. Bakoitzaren oihan pertsonalean batzuek besteek baino sastraka gehiago dituzte.  Badira oihan ospelak, badira itxiak, badira oroimenak urratuta intzirika baleude bezala goraka bihurritzen diren zuhaitz-adarrak.  Eta badira eurek bakarrik sasiak eta harri kozkorrak bidean jartzen dituztenak ere, noraezean ibiltzera ohituta.

 

Betiereko orbelak itota, lurrak arnasa hartzea eragotzirik, urtaro baten lozorroan daudenak. Eztarrian gora arantzak ugaltzen, barruan hazten den, barruko kaiolan habia egiten dutenak norberaren amaraunean eroriz. Norberaren baitako sehaskan gehiegi kulunkatzen direnak.

Egoera horiei eskaintzen zaion oreka-dantzak egiten du bizitza. Batzuetan burua tente, tinko aurrera egiten dugun trapezistak gara. Besteetan, ordea, buru-makur, behera gehiegi begiratzen dugu, uzkurtuta, beste toki batean hobeto geundela amesten. Badira ordea, begiak itxirik ere oreka horretan ibili gaitezkeen une zoragarriak. Oreka-dosiak ez dira oparitzen. Bakoitzak bilatzen ditu. Bakoitzak egiten ditu. Bizitza atzerako kontua egiten ari den ordulari erraldoi baten gisan edo bata bestearen gainean jarriz harriez eraikitzen ari garen etxe bat bezala irudikatzea dakar oreka lortzeak edo ez.

Emandako pausoen atzerabuelta ezina kitzikagarri bihurtzea. Iragana, oraina eta geroaren arteko koktelaren nahasketa asmatzea, bata bestean diluitu ez dadin, batek besteak baino zapore gehiago erdietsi ez dezan. Iraganean ito gaitezke, orainean mozkortu edo geroaren abstemio hutsak izan, bestela.

Norberak duen oreka-dosiak elkarrekin konpartitzen dituen botika erraldoia dira idazketa eta irakurketa, batak besteari eskuragarri jartzen dizkion mota anitzezko tantaz osatutako laino betea. Batzuei hezurretaraino sartzen zaizkion euri tanto lodiak daude, baita beste askori gozagarriago egiten zaien zirimiria edota ezustean harrapatzen duten ekaitz bortitzak. Eta batzuetan, eguzkia atera eta begiak itxita dituen trapezista horretan bilakatzen gara, euri horrekin uztartuta ageri den zubia ikusten dugularik, barne eta kanpotik bat eginik. Hizki-euriak oreka bermatu digun esaldia, artikulua edota ipuina eraikiz.

Honenbestez, hizki-euri emankorra den Hirinet-eko zerupean topatuko gara, hilero euri mota ezberdinez osatua. Gasteizko euskaldunen hodeiak busti zaitzala!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago