Saregune, IKT-en eta herritarron topagune

hirinet 2012ko urr. 26a, 02:00
saregunelogoGasteizko Alde Zaharreko atarian aurkitzen da Saregune, bere koordinatzaileen esanetan, “aniztasunaren topagune” bilakatu den zentroa. Teknologia berriak gasteiztar guztiei hurbiltzea du xede,  formakuntza ardatz nagusia izanik. Bertan egiten den lana hobeto ezagutu nahi izan du Hirinet-ek eta Ainara Pérez Saregune proiektuaren arduraduna eta hezitzailea eta Estibaliz Cáceres teknologia berrietan hezitzailearekin solas egin du.

Saregune garapen komunitariorako zentro bat da baina biek argitu duten moduan, “guk nahiago dugu topagunea deitzea, edozein motatako jendea edo elkarte edo kolektibo etor daitekeen lekua, bere jatorria, adina edo edozein ezaugarri inporta ez denean”. Hau da, aniztasuna da nagusi Saregunen eta aniztasun hori lortzeko eta aberasteko, teknologia berriak erabiltzen dituzte. “Egun, teknologiak ezagutu ezean aukera asko gal daitezke, adibidez, trebakuntzako, lan egiteko, edozein motatako informazioa jasotzeko, parte hartzeko… Beraz, gure ustez, ezinbestekoa da teknologia ezagutzea eta erabiltzea, horregatik guztion eskura jartzen dugu teknologiarako sarbidea”, gaineratu dute.

SAREGUNE1Izan ere, Saregune Sartu Alava Gizarteratze Elkartearen proiektua da, zeinaren helburu nagusia egoera ahuletan dauden pertsonak gizarteratzen laguntzea eta pertsona eta ingurune integratzaileak sustatzea den. Alde Zaharreko zentroa teknologiaz baliatzen da aipatutako xedea lortzeko. “Guztiongan hurbildu nahi dugu teknologia, hau da, bretxa digitala apurtu edo murriztu nahi dugu. Modu indibidualean zein kolektikoan, auzoan, komunitatean eragina izan nahi dugu, sareak eraikitzen, sortzen eta lantzen”, zehaztu du bikoteak.


Heziketa, ardatz nagusi


Software librea oinarritzat hartuz, heziketa da aipatutako jomuga eskuratzeko Saregunek ikusten duen biderik eraginkorrena. “Teknologia erabiltzeko ezaguera da inportanteena, beraz guk formazioa eskaintzen dugu gero bakoitzak bere beharren arabera erabil dezan”, diote arduradun biek. Informatikaren lehenengo urratsak zein beste aplikazio aurreratuak jorratzen dituzte herritarren eskura dauden ikastaroetan, non  ofimatika, irudi ukitzea, 2.0 web-a edo sare sozialen sekretuak argitzen dituzten.

Horrez gain, elkarteek ere badute lekua Saregunen, Hezigune esparruan, hain zuzen ere. Bertan, elkarteei, beren lana sustatzeko eta hobetzeko funtsezkotzat jotzen dituzten tresnen araberako formakuntza prestatzen eta eskaintzen diete. Halaber, elkarteak.info ataria kudeatzen du Saregunek, sarean elkarteek parte hartze aktiboa izan dezaten. Honen harira, hau guztia “ekintza formatiboan parte hartzen duten pertsonei esker” ahalbidetzen dela azaldu dute arduradunek. “Hau da, izena ematen duten pertsonak IKTen bidezko dinamizazio sozialean hezten ditugu, ondoren Saregune dinamizatu eta herritarrentzako formazioa emateko eta blogak edo webguneak sortzeko. Formazioa bukatu eta gero, hemen bertan lan egiten dute zerbitzu hauek eskaintzeko. Beraz, hauek dira benetako protagonistak dira”, argitu dute.

SAREGUNE3Elkarteei eta orokorrean gizarteari eskaintzen dion zerbitzu hau haratago eraman nahi izan du Saregunek eta Auzo.tv auzoaren telebista jarri zuen abian. “Bertan, auzoaren edozein ekimenak badu bere lekua. Auzoko elkarteen ekintzak, denda txikiak, herri mugimenduak.. Auzoa dinamizatu, bizitza eman eta berpizten duen edozein ekimenetara dago zuzenduta Auzo.tv”, diote.

 

 

 

Argazkiak: ENELU elkartea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide