Nola sortu zen Napoka band sortzeko ideia? Esperimentatzen jarraitzeko grinaren emaitza al da?
Dudarik gabe. Napoka Iriak arnasa hartzeko beharra zuen, beste zerbait egiteko gogoa hasi zitzaigun. Inguruan genituen musikari-lagun edo lagun-musikariengan pentsatzen jarri eta Andoni, Rafa eta Felixengana jo genuen gurekin bat egin nahiko zuten galdetuz.
Zertan datza proiektua?
Finean, Napoka Iriako abestiak banda formatura egokitzea izan da helburua eta denbora genuen bitartean kontzertuak eskaintzea. Abesti hauek beste soinu batekin nola sonatuko zuten jakiteko jakin-mina geneukan, eta aldi berean hauetaz disfrutatzeko beste modu bat topatu.
Napoka erroa mantentzea beharrezkoa ikusi al zenuten?
Nahiz eta bagenekien berez, zerotik hasita, denok elkarrekin sortzea litzatekeela ideala, horrek dedikazioa eta denbora eskatzen du. Horregatik, elkarrekin eta epe motzean zerbait egiteko modua gure kantuak egokitzea izan da. Soberan eduki dugun denboran berriz, bertsio batzuk prestatu ditugu.
Zer gaineratu dute Rafak, Felixek eta Andonik?
Gauza mordoa, baina denaren gainetik, sentsibilitatea esango nuke nik. Sentsibilitate handiko musikariak dira hirurak, eta oso maila onekoak gure ustez. Nork bere eremutik zerbait eskaini du, oso sortzaileak izan dira eta kantuei emandakoa, detaile bakoitza, primeran egokitu da, gure ustez eurei esker asko jantzi dira kantuak. Azken batean, baxua, gitarra elektrikoa eta bateria gehitzean intentsitatea hartu dute kantuek, gorpuztu egin dira.
Noiz Napoka Iria eta noiz Napoka Band?
Napoka Band-ek Parralekoa eta gero azken kontzertua emango du Bonberenean azaroan, eta denbora batean isilduko gara, azken batean bakoitza bere kontuetan baitabil.
Hala ere, gure ideia da, apur bat lasaitzean berriz elkartzea, posible bada. Eta orduan bai, elkarrekin sortu. Napoka Iriak ez du epe mugarik, orain ere, bi proiektuekin ari gara jo ta ke!
Talde ezberdinetako kideak izanik, zaila izango da entseguak egiteko denbora topatzea, ezta?
Hala da! Askotan norbaiten faltan izaten gara, baina gehienetan lortu dugu elkartzea. Asteburuetan edo opor egunetan batzen gara gehienetan.
Napoka Band inoiz entzun ez duen batentzat, nola definituko zeniokete zuen musika?
Egiten dugun musika hitzen azaltzea baino gauza zailagorik ez dago. Arazoa da “etiketak” erabiliz gero bakoitzak bere buruan ideia desberdin bat sortuko duela, eta seguraski ezta egiten dugunera hurbilduko. Hortaz, nahiago dugu jendeari kontzertutara hurbiltzeko edo diskoa entzuteko esan. Influentzen inguruan, entzun-ikusi-sentitzen dugun guztiak eragiten digu.
Musika-talde edo musikari bat? Disko bat?
Beste galdera zail bat… kar, kar. Ehunka disko eta musikari gogoko ditugu. Bakar bat esatea ezinezkoa da. Baina gertu dugunez, Willis Drummond talde bera eta laster argia ikusiko duen disko berria gomendatuko dugu. Adi egon!
Zer entzungo dugu Gasteizko Parral tabernan datorren urriaren 30ean?
Napoka Iria-ren kantuak bandara egokituta eskainiko ditugu, eta baita pare bat bertsio ere.