Iruña-Veleiari buruzko I. Nazioarteko Biltzarrak atera zituen ondorioak

hirinet 2012ko abe. 4a, 10:00

 

irunaveleiaBidean dauden datazioek, katekin eta auditoriekin batera, Iruña-Veleiako grafitoak egiazkoak direla erakutsiko digute


Gasteizen arrakasta handiz egindako Iruña-Veleiari buruzko I. Nazioarteko Biltzarrak helburu argia izan du: jadanik lau urtez luzatzen ari den polemika hau argitzen laguntzea. Horretarako, Aldundiaren Aholku Batzordeak erabili nahi izan ez zituen, eta, horrelako gaia hau zientifikoki argitzeko ezinbestekoak diren hiru arloetan sakondu da: datazioak, kata kontrolatuak eta auditoria arkeologikoak. Eta horrez gain, noski hizkuntzalaritzaz eta beste zenbait arloz eztabaida zabala egon da.

Hona hemen Biltzarrean ateratako ondorioak:


1. Indusketa ondo egin da. Lurmenek erabilitako indusketa sistema Harris Matrix izan da eta beraz auditatu daiteke grafitoak esandako garaikoak diren argitzeko. Edward Harrisek hemen egondako 4 egunetan Eliseo Gil eta Idoia Filloyrekin egon da hainbat gauza argitzeko, indusketa bisitatu, estratigrafien jatorrizko datuen koadernoak eskatu (Adituen Batzordeak hauetako bat ere ez zuen egin),  eta gaian sakondu ondoren, ez du zalantzarik erakutsi: estratu guztiak ondo dokumentatuta daudela eta beraz, grafitoak esandako garaikoak dirudite. Hala ere auditoria luze eta zabal batek berretsi beharko luke hau, eta ez Lurmenen auditoria soilik, Nuñez jaunak egindako lanaren auditoria ere egin beharko litzateke.


2. Proben zaintzaren katea hautsi da. Aldundiak gaia Epaitegira eramatea erabaki zuen egun berean ostrakak Epaitegiaren esku utzi behar izan zituen. Lau urte hauetan alderdietako batek gorde dituenez, proben zaintza katea hautsi egin da. Herrialde gehienetako justizia sistemek ez lukete horrelako egoerarik onartuko eta epaiketa bertan behera utziko lukete.


3. Ikonografia eta idazkun gehienak koherenteak dira. Arlo helenistiko, grekoerromatar, paleokristau eta eguneroko bizitzari buruzko idazkun eta marrazkietan ez da faltsukeria adieraz lezakeen gauza nabarmenik aurkitu. Eta gauza ezezagun gehienak 19 txostenetan arrazoitu dira.


4. Kata kontrolatuak ez dira egin. Indusketa eremuan ez da kontrol katarik egin, nahiz eta balizko iruzur arkeologikoetan sarritan erabiltzen den teknika izan. Adituen Batzordeak uko egin zion egiteari.


5. Madrilen egiten ari diren datazioak hasieran egin behar izan ziren. Gaur egun Instituto de Patrimonio Cultural erakundean Epailearen aginduz egiten ari diren datazioak, Aldundiak erabaki bat hartu baino lehen egin behar izan ziren. Uste dugu, laborategi honez gain, grafitoak datatzeko beste 2-3 laborategi beharko lirateke, bestelako teknikak erabiltzen dituztenak, emaitzei buruz zalantzarik egon ez daitezen. Sei hilabete barru emaitzak jakingo ditugu.


6. Hezurretako idazkunak noizkoak diren jakin dezakegu erraz. Hezurrak datatuz gero, horietan egindako grafitoak noizkoak diren jakin daiteke, urte tarte handi batekin bada ere, idazkunak hezur fresko edo zaharretan modu oso ezberdinez egiten direlako. Hezur bakoitza datatzeak 300 euro baino ez du balio.


7. Grafitoek euskara hizkuntza egonkorra izan dela frogatu dute. Grafitoek erakusten diguten euskararen egonkortasunak aurrerakuntza handia ekarriko du euskara historikoaren ikerketan eta ez dugu gure unibertsitateetan orain arte erakutsi diren kontzeptu batzuk aldatzeko beldurrik izan behar (artikulua…), datazioek grafitoak egiazkoak direla frogatzen digutenean.


8. Zeinu iberiarren agerpena logikoa da. Idazkunetan agertutako zeinu iberriarrek penintsulan aurkitutako beste zenbaitzuekin harreman eta jarraikortasuna erakusten dute.


9. Orain arte 19 txosten eta irizpenek grafitoak egiazkoak direla berretsi dute: Txillardegi, Edward Harris, Martin Elexpuru, Hector Iglesias, Jean-Baptiste Orpustan, Carmen Fernandez, Emilio Illarregi, Antonio Rodriguez Colmenero, Ulrika Fritz, Koenraad Van den Driessche, Mikel Albizu, Joaquin Baxarias, Luis Silgo, Roslyn,  M. Frank, Miguel Thomson, Antonio Arnaiz, Eliseo Gil eta Idoia Filloyren txostenak. Horiez gain,  zendutako Henrike Knörren iritziz ere egiazkoak dira.


10. Aholku Batzordeak ez zuen beharreko lan bat ere egin. Batzorde honek ez zuen indusketa bisitatu, ez zituen arkeologoak galdekatu, ez zuen informazio gehigarririk eskatu, Nuñezek pasa den 23ko bisitan aitortu zigunez, ez zituen estratigrafiako koadernoak kontsultatu eta txosten partzialetan oinarritu zen. Eta, txarrena, ez zituen bertako bi kideek (Gil eta Perring) eskatutako kata kontrolatuak onartu eta beste batek (Gilek) eskatutako 100 grafitoen datazioak ere onetsi, grafitoak egiazkoak ala faltsuak ziren ebasteko ezinbesteko teknikak zirenak.

Henrike Knörrek esandakoa irudikatuz, Iruña-Veleia etxe bat balitz, datazioak zimentazioa lirateke, kata kontrolatuak beheko solairua, auditoriak 1.a, historia 2.a, hizkuntzalaritza 3.a... Beraz, Aholku Batzordeak etxea teilatutik hasi zuen, eta horregatik gaude hemen, lau urte pasatu ondoren, hasieran bezala, Eliseo Gilek eskatutako baina onartu ez ziren datazioak ez direlako egin.

 


Datazioek dute hitza.


Arabako Iruña Argitzeko Batzordea

Euskararen Jatorria

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago