Euskal hiria(k): Bilbo vs Gasteiz

hirinet 2012ko urr. 9a, 13:05

VIRGEN-BLANCA-(2)

Iturria: Allartean apunte koadernoa

 

EAEko mapa soziolinguistikoak lau gune ezarri ohi ditu, elebidunen portzentaiak abiapuntutzat hartuta:  (A) elebidunak %20 edo gutxiago direnean, (B) %20-44, (C) %45-79,  (D) elebidunak %80 edo gehiago. Hiriburuei buruzko datuak sailkapen horretatik aparte ematen dira: Gasteiz eta Bilbo %25aren bueltan daude, Donostia %40tik gora. EAEko azterketa izanik, ez du Iruñea eta Baionako daturik jasotzen.


Interesgarria iruditzen zait hirietako dinamika soziolinguistikoak aztertzea. Jolas moduan besterik ez bada ere, datuetan kuxkuxeatzen eta Gasteizko eta Bilboko egoera soziolinguistikoak alderatzen aritu nintzen aurreko batean. Jolas moduan planteatu dut, bestelako asmo handirik gabe, baina iruditzen zait Gasteizek eta Bilbok pentsa zitekeena baino antz handiagoa dutela elkarrekin.


Hona hemen emaitzak:

Ezagutza 

  • Gasteizek 223.553 biztanle zituen 2006an. Bilbok 343.072 (%53 gehiago). Bien arteko aldea txikitu egin da, 1986an Bilboko biztanle kopurua Gasteizkoa halako bi baitzen.
  • Batean zein bestean biztanleen %25 inguru euskalduna da, %24 eskaldun hartzailea.
  • 1986tik 2006ra erdal elebakarren kopuruak behera egin du: %71etik %52ra Bilbon, eta %77tik %53ra Gasteizen.

Ezagutza eta familia bidezko transmisioari buruzko datuetarako Eustaten orria erabili dut: 2006ko datuak dira.

Familia bidezko jarraipena 

  • Gasteiztar eta Bilbotar gehienek gaztelania dute ama-hizkuntza (%90 eta %89 hurrenez hurren).
  • Euskara edo euskara eta gaztelania ama-hizkuntza izan duten herritarren portentajea 20 urtean ez da apenas aldatu Bilbon (%8 da). Gasteizen bai: %3 izatetik %6 izatera pasatu da.
  • Familia gehienetan gaztelania da etxean erabiltzen den hizkuntza: %93 Gasteizen eta %92 Bilbon.


Erabilera

Hizkuntzen kale-erabileraren VI. neurketaren datuak erabili ditut. Honakoa azaltzen dute:

  • Gasteizek eta Bilbok bilakaera bera izan dute. 2006a bitarte goranzko joera apala izan du erabilerak, eta azken bost urtean zertxobait behera egin du. Bi hiriburuetan  % 3 ingurukoa da kale erabilera.
  • Nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen zein Bilbon (baita Iruñean ere) beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla. Beste hizkuntza horiek, euskarari ez ezik, gaztelaniari ere eragin diote.

Jarrerak 

Duela gutxi ezagutzera eman den V. inkesta soziolinguistikoaren arabera:

  • Bilboko biztanleriaren %52 eta Gasteizkoaren %42 euskara sustatzearen alde dago. Biztanleen herena ez dago ez alde ez aurka. Aurka daudenen artean, Gasteizek du ehunekorik altuena EAEn, %27 euskara sustatzearen aurka baitaude, Bilbon gutxiago dira (%16) euskara sustatzearen aurka azaltzen direnak.


Euskararen sustapena udaletatik



Siadecok Eusko Jaurlaritzarako bi urtean behin egiten duen azterlana erabili dut. 2008ko datuak dira argitaratu diren azkenak. Txostenak honela dio:

  • Gasteizko Udalaren 2008. urteko aurrekontu osoa 405 milioi eurokoa izan da, eta euskararen normalizazio eta sustapenera likidatutakoa, 2,9 milioi euro inguru, hau da aurrekontu osoaren %0,73. Orain bi urteko datuekin alderatuta, igo egin da kopuru absolutuetan euskarari eskainitako aurrekontua (%13,22), baina jaitsi egin da aurrekontu osoarekiko proportzionalki euskarari eskainitakoa (%0,81etik, %0,73ra).
  • Bilboko aurrekontu osoa 543 milioi eurokoa izan da 2008. urtean, eta euskararen normalizazioari eskainitakoa 2,8 milioi euro inguru, hots, aurrekontu osoaren %0,52. Orain bi urteko datuekiko, igo egin da euskarari eskainitakoa, bai kopuru absolutuetan (%28,0 igo da), bai proportzionalki aurrekontu osoarekiko (%0,47tik %0,52ra pasa da).

Kontseiluak udalen hizkuntza-politikaren neurketa egin du 2010 urtean (bigarrena izan da, lehena 2006 urtean egin baitzuen). Hainbat elementu neurtu dira (erabaki orokorrak, hizkuntza-paisaia, langileen euskara gaitasuna, komunikazioa, kultur ekintza, hezkuntza, euskalgintza, zerbitzuak, merkataritza, kirola eta aisialdia...) eta behatutakoa zenbaki bakar batera ekartzeko ahalegin egin da.


Ranking-ean 41 postuan dago Gasteiz eta 43an Bilbo. Gasteizek 4,05 puntu jaso ditu (10etik), Bilbok 3,9.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago