Marisorgin

hirinet 2012ko urriaren 9a

marisorgin1Non zaude, Marisorgin? Non ote dago belardietako erregina? Nire begi nekatuek ez dute aurkitzen zure gorputz luze eta lerdena.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Dagoeneko kumeak izateko grina zure ohiko zuhurtziari gailendu beharko litzaioke. Urtean zehar, nekez ikusten zaitut belazetako oihanean. Zure geldotasunaz fido, erahiltzeko mekanismo kupidagabe bihurturik, inguruotako landarejaleen amesgaiztoa zara. Matxinsaltoak, tximeletak, kakalardoak… denak izutzen dituzu, denak dira zure beldur. Sekula ez dago jakiterik nondik oldartuko zaren, hain ederki nahasten den zure itxura ingurunearekin: berde argia belar hezeen artean, arrea edo marroia lasto lehorren  baitan.

marisorgin2

Uda amaieran ordea, ugaltzeko senak bultzaturik, ezinegon batek zure buruaz jabetzen da, eta agerian geratzen zara maizago. Garai horretan topatu ohi zaitut, zelaietan noraezean, edo pareta batean igota. Erreza izaten da orduan arra ala emea zaren ezagutzea: emeak handiagoak zarete, sabela beteagokoak. Eta gehiago loditu behar gainera, hurbilduko  zaizun arraren kontura … Eros eta Thanatos berriz ere.

 

marisorgin3

Maitasun laburraren arrastoa, harri bati, egur bati, pareta bati itsatsia geratuko da. Marisorginaren ooteka da, bere arrautzen eta etorkizunaren gordailu.

marisorgin4 ooteka

Egia esan, gutxitan gurutzatu dira gure begiradak aurten. Gehiegizko beroak eta lehorrak kalte egin dizu agian? Nahiago nuke nire begi nekatuen akatsa izatea, besterik gabe … Hala bedi.

marisorgin5 argazkia mario corral

Argazkia: Mario Corral

 

Naturayala Araiako Kultur eta Natura Ondarea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago