Manifestua: Euskaraz etiketatu.com

hirinet 2012ko urr. 4a, 09:00

euskarazetiketatuEuskal Herriko produktuak euskaraz etiketatzearen aldeko ekimena da aurrean duzuna. EUSKAL HERRIA ESNEA kooperatibari euskara hutsez etiketatzearren Eusko Jaurlaritzak irekitako prozedura zigortzailearen aurrean, euskaldunok euskaraz bizi eta kontsumitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Gure aldarrikapena bost puntu dituen agirian bildu dugu. IRAKURRI ETA EMAN ZURE ATXIKIMENDUA!

Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak ofizialtasuna eta aitortza duen arren, eta lurralde hauetako berezko hizkuntza izanik, kezka handiz ikusten dugu geure Herrian kontsumoaren arloko hizkuntza-paisaia eta produktuen gaineko informazioa erabat erdalduna eta arrotza dela.

Testuinguru horretan ikusten dugu Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskaraz ere etiketatuta egotea bermatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak euskara hutsez etiketatzeagatik prozedura ireki eta isuna eta debekua iragarri dituela.

Hori dela eta, honakoa aldarrikatu nahi dugu:

1.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskara hutsez etiketatzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Euskarari ofizialtasuna aitortu zitzaionetik 30 urte igaro diren honetan, produktuak euskara hutsez etiketatzeko mugek eta arazoek ezerezean uzten dituzte kontsumitzaile euskaldunei bermatu beharreko eskubide guztiak.

2.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak, gutxienez, euskaraz etiketatu beharko lirateke. Kontsumitzaile gisan badugu eskubidea euskaraz ezagutzeko produktuek dituzten osagaiak, erabiltzeko argibideak eta gomendioak.

3.- Ez dugu onartzen euskaldunon eskubideak bermatzeko urratsak emateagatik inolako isunik jasotzea. Zentzu horretan publikoki galdegiten diogu Eusko Jaurlaritzari euskaraz etiketatzearren Euskal Herria Esnearen kontra irekitako prozedura zehagarria bertan behera utz dezan.

4.- Kontsumo-harremanetan euskarak duen egoeraz ohartuta, kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideen ikuspegitik, bada garaia euskaldunon aurkako muga eta zigorrak alde batera utzi eta administrazio publikoek produktuen etiketetan euskararen aldeko politika positiboak sustatzeko, saritzeko eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

5.- Euskal ekoizle eta banatzaile guztiak euren etiketetan euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, kontsumitzaileek eskertu eta baloratu egiten baitugu informazioa gure hizkuntzan jasotzea.

 

 

 

Informazio gehiago HEMEN

 

euskarazetiketatu.com

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide