Irailaren 26an GREBA OROKORRA deialdia

hirinet 2012ko ira. 24a, 09:04

JOSEAN-BUENO

Josean Bueno

 

 

Beste greba orokor baten atean gaude, bosgarrena Euskal Herrian krisiak eztanda egin zuenetik, 2009tik hona. Greba hauetan guztietan krisiari irteera soziala eman dakion eskatu izan da, 2009ko maiatzaren 21eko greba hartan plazaratu zen moduan. Gero, 2010eko ekainean, etorri zen Zapateroren lan erreformaren aurkakoa; eta 2011ko urtarrilean erretiroa atzeratzea eta pentsioen erreforma zirela eta, beste deialdi bat egon zen. Gogoan gertuago izango dugu laugarren deialdia, izugarri arrakastatsua Euskal Herrian, martxoaren 29koa, Eskubide sozial eta laboralen alde! lemapekoa.

Oraingoan, grebarako zioa Uztailaren 13ko 20/2012 Legean aurki dezakegu: BEZaren igoera, langabetuen ordainketan eta dependentziarako laguntzetan murrizketa… enpresentzako kotizazioak jaisten diren bitartean! Gainera langile funtzionarioentzat gabonetako ordainsaria desagertzen da (urteko soldataren %6-%8 inguru), besteak beste.

Argi dago langileen aurkako neurriak etengabe ari direla hartzen, era batean enplegatu publikoentzat, beste era batean enpresa pribatuetako langileentzat. Baina hori bai, beti behekoen kontra, nahiz krisia ez duten beraiek eragin. Normala da giro soziala gatazkatsua izatea eta greba deialdiak egotea; izan ere, anormala litzateke kontrakoa, hau da, jendeak eskubideak galtzea eta pobretzea inolako protestarik gabe.

Euskal Herrian erantzun esanguratsua gauzatzen ari da bai gizarte eragileetatik, bai gehiengo zabala duten bertoko sindikatuetatik. Irailaren 26ko deialdia ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, LKN-CGT, eta CNT sindikatuek sinatzen dute, eragile sozial ugarirekin batera.

Urte hauetan ezin da ez ikusiarena egin, gauza asko gertatzen ari baitira oso denbora gutxian, eta aldaketak, gainera, ez dira nolanahikoak. Gizarte eredu aldaketa honetan, ez duzu zer esanik? 26an zure hitza, beste lagun askorekin batera, gehitu dezakezu ezetz esateko. Ez duzu aukera aprobetxatuko?.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide