Kepa Sojok ‘Loco con ballesta’ film laburra grabatu du Maeztun

hirinet 2012ko ira. 21a, 10:18

KEPA-SOJOKepa Sojo hamaika saltsatan sartua dago. Zinemagilea izateaz gain (hainbat film labur eta film luze bat sortu ditu), Cortada film laburren jaialdiaren zuzendaritza lanak egiten ditu,  ‘¡Americanos, os recibimos con alegría!’ liburua idatzi zuen eta unibertsitatean eskolak ematen ditu. Laudiotarra hastapenetara itzuli da oraingoan, Irailaren 6tik 9ra bitartean kameraren atzean jarri baitzen ‘Loco con Ballesta’ film laburra grabatzeko, Arabako Maeztu herriaren inguruetan gauzatu zen filmaketan.

Nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia bikaina izan da niretzat. Baneuzkan ikaragarrizko gogoak zerbait filmatzeko eta bikaina izan da. Aktoreekin lan egitea eta filmaketa baten dinamikan sartzea oso polita izan da. Lau egun izan dira eta Arraia-Maeztun filmatu dugu, Sabando herrixkan eta Maeztun ere. Gure lehenengo asmoa Gorbeiako inguruetan filmatzea baino ez zen, baina kasualitatez egun bat Maeztura abiatu ginen baso baten bila eta udaletxera joanda hango jendeak erraztasun asko eman zizkigun bertan filmatzeko eta hara joan ginen, gustura gainera!


loco-con-ballesta1Anekdotarik bai?

Pilo bat. Karra Elejaldek kotxea areka batean sartu zuen eta ezinezkoa zitzaigun hortik ibilgailua ateratzea. Juantxo Sardon argazki zuzendariaren trebetasunari esker kotxea atera genuen soka- tira talde inprobisatu bat antolatuz.


Azken momentuko arazorik izan duzue?

Ez, arazorik ez. Eguraldi bikaina izan genuen eta 13 ordu egunero lan egiten genuen. Ekipoak izugarrizko ahalegina egin zuen. Arazo bakarra ezparak izan ziren.


‘Loco con ballesta’ izenburupean, amodiozko filma ez dela suposatzen dut…

"Thiller komiko jatorra" da. Komedia da baina nik egindako beste filmekin konparatuz ez da hain absurdoa. Pertsonaiek euren buruan gehiago kontrolatzen dute.



Karra Elejalde izan duzu oraingoan zure gidaritzapean, erraza al da halako aktore bikainekin lan egitea? Zer ematen dio Karrak filmari?

Karrarekin lan egitea oso erraza izan da. Beti "a favor de obra" egon da eta pertsonaiaren nortasunean burubelarri sartu zen. Beste aktoreekin adiskide bikaina izan da. Niretzat lan egin ditudan aktoreen artean onena izan da inolako zalantzarik gabe. Oso berezia da eta berak daukan gogo handia oso ondo transmititzen du.


loco_con_ballesta2Eta gainontzekoak?

Luxuzko aktore-taldea izan dut. Andres Gertrudixekin saiatu naiz ez dakit zenbat aldiz lan egiten  eta abagunea heldu zait. Alejandro Garrido nire film guztietan agertu da. Lucia Hoyos eta Gorka Aginagalderekin bigarren eta hirugarren aldia izan da, hurrenez hurren. Eta oso gustura Ana Gabarain, Itziar Atienza, Iñigo Salinero Txaflas eta Mikel Martinen partaidetzarekin.


Etxetik gertu grabatzea abantaila edo desabantaila da?

Beno, etxetik gertu ez nuke esango! 45 km egin behar genituen etxetik Maeztura eta gauean beste 45 km. Herrian ez zegoen mundu guztiarentzako lekurik eta azkenik sakrifizio txiki bat egin nuen taldea Maeztun geratzeko.



Lana hasi besterik ez da egin. Orain, muntaketa eta promozioa dator…

Lehenengo eta behin muntaketa, gero post-produkzioaren beste gorabeherak eta ondoren jaialdietara bidali. BANATU FILMAK ekoiztetxe eta banatzailearekin gaude eta filma mugitzen lan bikaina egingo dutela espero dut. Film labur bat egiten da jaialdiz-jaialdi joateko. Horrela banaketa estatu mailan egitea posible da, bai eta kanpora ateratzea ere. Beste aukera bat telebistei saltzea da eta eskubideak kobratzea. Ez da oso merkatu eta ibilbide zabala baina bada zerbait.



Noiz estreinatuko duzue?

Ez dakigu oraindik. Asmoa da urtarrilerako filma bukatuta izatea. Otsailean Clermont-Ferrandeko merkatura abiatuko gara eta hortik aurrera erabakiko dugu non egingo dugun estreinaldia. Laket litzaidake Maeztun zerbait egitea ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide