Zuloak, euskal labeldun riot grrrl talde berria, urriaren 5ean Hell Doradon

hirinet 2012ko ira. 20a, 09:37
zuloak-kartelaEuskal komunikabideek nahikoa prentsa ematen ari zaion arren, ezagutzen ez dutenentzat, jakin Zuloak euskal musika taldea dugula. Eta dugula diogu, etenaldi labur baten ostean, berriz ere martxan delako soilik emakumez osatutako power-trio hau.

 

Taldearen sorrera bitxia izan zen oso: bere egunean Andy Warholek The Factory arte estudioan Velvet Underground-ekin egin antzera, Arrate Rodríguez oreretarrak Zuloak rock hirukotea sortu zuen taldearen egunerokoa kameraren bidez filmatzeko. Taldeak ibilbide zinez laburra izanagatik, guztira sei taldekide izan zituen epe laburrean, guztiak emakumezkoak. Eskaini zituzten zuzenekoak ere oso gutxi izan ziren, tartean Gasteizko HellDorado-n. Eta, diskorik ere ez zuten grabatu beren ondorengoei erakusteko. Alta, aurrez aipatu dugun bezala, taldekideek egin zuten guztia filmatua izan zen. Hala, “modu artifizialean” sortutako proiektuarekin nekatuta, bai taldekideek, bai Arratek ere egitasmoa bertan behera uztea erabaki zuten, bakoitzak bere bideari segida emateko.


zuloak-gaur-egunGauzak horrela, Arrateren ahizpa Eider Rodriguez idazlearen bitartez, filmatutako guztia Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen eskuetara iritsi zen duela hilabete batzuk. Eta musikari irundar ipurterreak ezin ezetzik esan taldearen inguruko dokumental bat burutzeari, denbora gutxian grabaketa solteak dokumental batean bihurtuz. Orain, Zuloak taldearen inguruko dokumentala asteon hasiko den Donostiako Zinemaldian estreinatuko dutela aprobetxatuz, Zuloak taldeak disko bat kaleratu du, Bonberenean grabatutako estudioko 10 abesti eta zuzenean jasotako beste hiru kantu bilduz.

Dokumentalak iraun bitartean hainbat kontzertu eskainiko dituzte (berriz itzuliko dira HellDorado-ra, urriaren 5an) eta bertan, “Zuloak riot”, “Botak jantziko ditut” eta “Atera eta sartu” bezalako kantu zuzenak entzuteko aukera izango dugu. Rocka, garagea eta punk koordenadatan mugitzen diren doinuak hain zuzen, maiz hipnotikoak izatera iritsiz, zuloaren barreneraino, bertatik ezin askatuz. Hitzei dagokienez, indarrez beteriko kantuak dira eta 90. hamarkadako Riot Grrrl mugimenduko zenbait taldek egin bezala, emakumeen aldarrikapenak dituzte mintzagai: sexu askea, abortua, askatasuna orokorrean, ... Sormenerako gune aske bat izan zen Kukutza ere gogoan dute “3,2,1 Malenkonia” abestian, eta gogor kritikatzen dute ipar-ameriketako ametsa “American dick” kantuan. Pikutara zakil ipar-amerikarra!

zuloak2Vulpes, O.K. Korral, Matraka, Jauko Barik eta bestelako taldeen bidea jarraituz, Zuloak proiektu zoro bezain berezira igo ziren sei lagunek, emakumeek Euskal Herriko rock eta punk eszenan gaur egun ere oraindik guztiz eta zintzoki aitortua ez duten lekua aldarrikatzera datoz. Euskal Herrian badugu jada gure Bikini Kill, edo egungo Pussy Riot. Bejondeigula eta bejondeiela. Gora Zuloak!



Zuloak taldearen zuzenekoa ikusi nahi baduzu, hurrengo ostiralean, urriaren 5ean, izango duzu aukera Hell Doradon aretoan.

Ion Etxebarria Kortabarria

 

Dokumentalaren trailerra

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide