XXI.mendeko euskal asmatzaileak

hirinet 2012ko ira. 17a, 13:31

asmatzaileakAsmatzaileen izenak aipatu behar ditugunean, Edison, Galileo Galilie edo Leonardo Da Vinci bezalako izenak gogora datozkigu. Hala ere, gaur egun asko dira gauza berriak asmatzen burua apurtzen duten zientifiko, ikerlari eta profesionalak. Etxetik gertu, gainera, esaterako, Rodrigo Garcia gasteiztarra eta Villabonako Axentsio Zubeldia. Lehenengoak ‘Hop’ izeneko maleta adimenduna asmatu du. Jabeari 80 zentimetrora jarraitzeko gai da, telefono mugikorreko uhinen bitartez orientatzen da eta ez dauka gurpilik.

Tanke militarrek duten antzeko sistema baten bidez mugitzen da, eta oztopoak gainditu eta eskailerak igotzeko gai da. Gainera, sentsoreak ditu, erabiltzailearen sakelako telefonoarekin konektatzeko, baina ‘Hop’ maleta prototipo bat baino ez da, eta, merkaturatu aurretik, ezinbestekoa izango da ideia garatzea. Bakarrik mugitzen den maletarekin Europako asmakizunen nazioarteko lehiaketako finalera heltzea lortu du asmatzaile gasteiztarrak, eta nagusientzat eta ezintasunen bat duten pertsonentzat lagungarria izan daitekeela uste du. Hala ere, hori ez da, Garciaren lehen asmakizuna, aurretik pipak erabiliz lanpara bat, maskorrak baliatuz aulki bat eta listuaz dabilen hortzetako eskuila bat egin baititu.

Axentsio Zubeldiak, berriz, 50 segundotan bera bakarrik egiten den ohea sortu du. Asmakizunari ‘Ohea’ izena jarri dio. ‘Ohea’ martxan jartzeko bi modu daude. Eskuzko moduan, urrutiko kontrolagailuan martxan jartzeko botoia sakatuta, ohea luzatu eta azpiko maindirea, ohazal nordikoa eta burko-azala euren lekuan jartzen hasiko dira. Modu automatikoa erabiliz gero, berriz, bertatik altxatu eta hiru segundora, modu ordenatuan luzatuko du oheko arropa guztia.

Iturria: EITB.com

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide