MENDIrik gabeko green-tasuna

hirinet 2012ko ira. 6a, 14:08
klaketaUste dut uztailean izan zela Jabi Baraiazarrak, MENDI Film Festivaleko zuzendariak berri txarra eman zidanean. Gure mendiko festibal kuttuna ez zen berriro antolatuko Gasteizen. Are txarrago, berriro inon egingo ote zen ere kinka larrian zegoen. Gasteizko eta Arabako aginpidedunek bazter batean utzia zuten betiko lau urtetan mendiko zinemagintzaren punta-puntan jartzea lortu duen zinemaldia. Mundu osoko mendi eta abenturako zinemaldi onenak biltzen dituen Alliance for Mountain Film (IAMF) elkarte sonatuko kide izanik ere, gure festibalaren izana ala ez izana hari batean zegoen.

Oraindik ere entzuten ditut nire belarrietan euliak bailiran (horrela zioen “Sinuhé el egipcio”k inoiz idatzi den eleberri onenetakoan), iaz Encina Serranok harro-harro eta suharki egindako adierazpenak, non MENDI goraipatzen zuen ezinbestean gorde beharreko altxor preziatua bailitzan. Ai, ze laburra den maitasuna momentuko griña baino ez dagoenean!

Gaur aldiz, zuhurtasunak agintzen zidan isiltasuna amaitu beharrean nago. Green‑tasunetik alfonbra berdea baino ez duen telebisten publizitaterako panfleto hutsala den FesTVal deritzanari egiten zaion jarraipena ikusita, eta horren kontura Gasteizko udaletxeko agintarien eta bere komunikabideetako mezalagun eta palmeroen etengabeko karrankaz gogaituta eta akuilatuta zeozer esan behar dut.

Alferrik da dagoeneko MENDI zinemaldiaren merezimenduak gogoratzea. Begibistakoak dira eta, gainera, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez baitago. Edonola ere, Arabako agintzaileek bazeukaten etxean bertan benetako berdetasunarekin bat egiten zuen lehen mailako gertakizuna, gure herrian hain errotuta dagoen mendizaletasun kulturaren erakusgarri eredugarria, atzerriko zale asko mirestuta erakartzen zuena.

Horren ordainean, zein izan da erakunde arabarren erantzuna? Zinemaldiari arbuio arduragabeenaz uko egitea.

Horixe baita gure agintarien politika kulturala: funtsa eta mamia duten ebentoak akitzea,  kultura konprometituan aritzen diren oinarrizko taldeentzako laguntza ukatzea eta karkasa baino ez duten propagandazko saraoak bultzatzea (porzierto diru-ekarpen publiko itzela jarrita).

Mendeku eta errebantxa politikoaren gogoak New European Film Festival-ari ezarri zion heriotza-zigorraren ostean bazirudien Gasteizek beste euskal hiriburuen antzera (Iruñako Punto de Vista, Bilboko Zinebi, Donostiako Zinemaldia, Biarritzeko Latinoamerikar Zinemaldia,… ) berriz ere izan behar zuela zine-erakustaldi berezi eta internazionala, euskal hiriburuen arteko sarea aberasten lagunduko zuena. Baina esaera zaharrak dioenez, "ez dagokio artzari seda beloa".

Zorionez, eta zinemaldia amildegiaren aurrean zegoela, Bilboko Udalak, BBK- Kutxabank-eta Bizkaiko Foru Aldundiak aintzat hartu zituzten MENDIren balioak eta bosgarren edizioaren lekukoa hartuko dute aurten begi onez.

Eta ez da unea inork Bilbo eta Gasteizen artean betiko ika-mika nekagarriak berpiztu ditzan. Ez baita inolako asmo berekoirik tartean izan. Festibala izan da Bilbon atea jo duena. Eta zorionez, Bilbon eta Bizkaian atseginez hartu dute karamelu hau eta seguru ezinhobeto erabiliko dutela euren lurraldea mundu osoan gero eta gehiago ezagutarazteko. Eta poztu egingo naiz euskalduna naizen aldetik. Mila esker beraz egoitza berriari eta MENDIaren onerako izan dadila.

Bitartean Marotok eta bere segiziokoek pozez igurtziko dituzte eskuak liluratuta Melendis, Bisbal, Jesus Vázquez eta gainerako tele-zabor ustelaren ordezko diren Mr. Marshall katodiko berrien bisitaz. Horri esaten baitiote kultura. Horri esaten diote green-tasuna. Garai batean «Ogia eta zirkoa», gaur egun telebista eta furbola herritarren sorgorgarri.

 

 www.klaketa.net web gunearen artikulua

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide