Hazten naizenean, zuhaitza nahi dut izan

hirinet 2012ko ira. 4a, 10:26
zuhaitzak1Aguraindik gertu, autobide zaratatsu batetik bi kilometrotara baino ez, bi herrixka xarmagarri, Munain eta Okaritz, aurki ditzakegu. Bertan nahiko ezezaguna egiten zaigun aparteko altxor bat dago, bistatik ezkutua: baso baztertu eta magiko bat, barnean 500 urte baino gehiagoko adina duten 600 zuhaitzetatik gora (haritzak, gehienbat) dituena, batez bestean 4 metro baino gehiagoko diametroarekin. Haien arteko zaharrenak 1.500 urte baino gehiago dituzte, eta hainbat kalakardo, goroldio, iratze naiz liken mota berezi babesten dituzte.

zuhaitzak2Erraldoi bare hauen itzalean, nork bere buruari zera galde diezaioke, besteak beste:

* Premiazkoa benetan garrantzitsua al da?

* Ba al du inongo zentzurik mundua lau urtetan aldatuko dugula uste izatea, edo bi urtetik gorako edozer gauza jadanik zaharkiturik dagoela esatea?

* IBEX, EURIBOR, arrisku-saria, sakelekoaren tarifa, nire soldata-orrian jasaten dudan atxikipena, pentsio-funts batean inbertitzen dudan ala ez… ba ote dira, benetan, bizitzaren gakoak?

Eta, berezko moduan, Agure Ohoragarri hauek erantzunak jakinarazten dizkigute… irabazlea ez dela indartsuena izaten, malguena baizik… gizon-emakumerik jakintsuena ez dela hitz egiten dakien hori, entzuten dakiena baizik… eta, geure buruak modernotzat eta punta-puntakotzat jo arren, inozo, ergel hutsak izaten garela askotan, bene-benetan garrantzitsua den guztia aspaldi asmatu zuten eta….

Biharamunean, beste behin ere, paregabeko eskaintzak botako omen dizkidate supermerkatuan, sakeleko tarifa ezin hobeak direla eta jo ta ke gogaituko naute egun osoan, eta nire aurretik (ustez) desiratu behar dudan lan-arrakasta hori lortzeko hainbat aukera erakutsiko omen dizkidate…. Orduan nik iseka egingo diet, bira emango dut, eta, nire kautan, zera pentsatuko dut: “Hazten naizenean, zuhaitza nahi dut izan!!”.

 

Iñigo Larramendi

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide