Iraila, udaren buztana eta neguaren hastapena

hirinet 2012ko ira. 4a, 09:19
aries

 

ARIESGARAI

Martxoak 21 – apirilak 21

Iluntzeari argazki bat aterako diozu, baina ezin izango duzu istant horren isiltasuna fotografiatu.
Jatetxe batean zaudela tuiteatuko duzu agian, baina ezin izango duzu zapore limurtzaile hori Twitterren eskegi.
Kontzertua bideoz grabatuko duzu, baina ezin izango duzu momentuko dar-dar hunkigarria hori gorde.
Eta ez du inporta.


taurus

 

 

TAUROGOITI

Apirilak 22 – maiatzak 21

Ikasturte berri osoko hilabete guztietako aste guztietako egun guztietako ordu guztietarako planak egin ditzakezu. Baina ziur egon: ikasturte berri osoko hilabete guztietako aste guztietako egun giztetako ordu guztiek dituzte planak zuretzat. Utziozu zure bizitzaren norabidea hainbeste gidatzeari, eta utz ezazu bizitzak zure norabidea markatu dezan.



 

 

gGemini.svg

 

GEMINIZKETA

Maiatzak 22 – ekainak 21

Larogeitapiku urteko emakume errukitsu horrek zaharberritu izan ez balu... nork ezagutuko zuen orain Borja herriko Ecce Homo-a?
Ikasturte berri honetan, ausartu zaitez zure bizitzaren berriztapen bat egiten. Bidean zerbait galdu dezakezu... baina trukean beste asko irabazi!

Cancer.svg

 

 

KANTZERAUNDIARENA

Ekainak 22 – uztailak 22

Ezin dizute Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZ-a) ezarri ematen dituzun musuetan, lasaitzen zaituzten loaldietan, egiten dituzun aldarrietan, berotzen zaituzten bihozkadetan, amesten dituzun zoramenetan. Zergatik ez horiek guztiak ehuneko 18tik 21era areagotu? Edo gehiago. Zure gustura.

184px-Leo.svg

 

LEOPERURENA

Uztailak 23 – abuztuak 22

Gorriz markatutako egunak, asteburuak, zubiak eta pintxopoteak atsegin dituzu gehienbat egutegian.
Imajinatzen al duzu astelehena iristeko irrikatan egotea? Eta astearte eta asteazkenak sutsuki maiteko bazenitu?
Gutxi dira gorriz markatutako egunak bizitzan.

Virgo.svg

 

VIRGOYENA

Abuztuak 23 – irailak 23

Sandaliak ala botak?
Jaka bakeroa ala forro polarra?
Praka finak ala panazkoak?
Irailean zein arropa jantzi erabakitzea bezalakoa izango da zure ikasturte hasiera: ezbaian ibiliko zara, zalantzatan, eta alde batean zein bestean aurkituko dituzu zoriontasun zipriztinak.

Libra.svg

 

LIBRAZABAL

Irailak 23 – Urriak 22

Arraindegian emango dizuten perrexila.
San Anton egunean oparituko dizuten txokolate beroa.
Santa Agedan eskainiko dizkizuten tragoak.
Gasolindegian banatuko dizkizuten opari-bonoak...
Ikasturte honetan ez diozu ezeri muzin egingo.
Nork egingo du barre orain Zeledon bezperan Virgen Blanca-ko lore bat dohainik lortzeko ilara luzeak egiten zituzten aitona-amonez? Eh?! ;)
Kalean banatuko dizuten propaganda ere pozik hartuko duzu!

214px-Scorpio.svg


 

ESKORPIOKORTABARRIA

Urriak 23 – azaroak 22

Nektarinaren hezurrekin, lepokoak.
Yogurt-ontziekin, marakak.
Etxeko hauts-bolekin, pelutxeak.
Egunkari zaharrekin, bokatak biltzeko papera (komuneko papera egiteko, hobe propaganda orriak; leunagoak dira).
Berrerabilpena: hori izan daiteke zure hitz magikoa udazken honetatik aurrera.


235px-Sagittarius.svg

 

SAGITONDO

Azaroak 23 – abenduak 22

Egia baldin bada ikasturte honetan kirola egin nahi duzula... irailaren 10ean Olarizu tontorra igoz (eta jaitsiz) has zaitezke!
(Txoroskopoa irailaren 10a baino beranduago irakurtzen baduzu, erreklamazioak txoroskopoa@txoroskopoa.txoro postara bidali).

246px-Capricorn.svg

 

KAPRIKORNITEGI

Abenduak 23 – urtarrilak 20

Usain berria duten koadernoak, guztiz zorroztuta eta koloreka ordenatuta dauden margoak, oraindik zimurdurarik ez duen liburu-estalkia, birrindu gabeko klarionak, azken txorizo bokataren ogi-apurrak ez dituen motxila... Eskolara Buelta­k nostalgia punttu bat pizten al dizu? Gozatu zure labueltalkole ospakizun-sekretua!

350px-Aquarius.svg

 

AKUABARRI

Urtarilak 21 – otsailak 19

Bazkide kuota ordaindu, kontzertu eta hitzaldietara joan, bileretan parte hartu, www.hirinet.net Facebook eta Tuenti eta Twitter eta beste edozein sare sozialen bidez zabaldu, webguneko Sarrera Ontzira zure ekarpenak bidali... ikasturte honetan dena eman nahi izango duzu GEU elkartearen eta euskararen alde!
Laaaaaasai! Dena ezin da egin, baina zure harri koskorra harkaitz bihurtuko da ziur.

189px-Pisces.svg

 

PISZIBURU

Otsailak 20 – Martxoak 20

Urriaren 28an (29an, beranduenez), ordu bat atzeratuko duzu erlojua (03.00etan, 02.00ak izango dira).
Nork esango du gero Txoroskopo honek ez dizula etorkizuna asmatzen?!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide