Exodo baten ondorioak

hirinet 2012ko ira. 3a, 12:31

javi-lopez

Javi Lopez

 

 

Ez da gertatzen den lehenengo aldia. Behin baino gehiagotan entzun dugu "aditu-ihesa" terminoa. Beti lotzen dugu zientzialari ospetsuekin, guda garaian gertatzen den zerbaitekin, zientzia gizon-emakumeek haien jakinduria gaiztoekin partekatu nahi ez zutelako. Horrela ikusita aditu-ihesa zerbait ona omen da. Baina ikuspuntu erromantikoa alde batera utzita, ikus dezagun benetako errealitatea.

Aditu-ihesa oraintxe bertan gertatzen ari da, eta ihes egiten duten gehienak ez dira ospetsuak, edo behintzat gizartearentzat izen horiek ez dira ezagunenak. Futbolariak, abeslariak edo telebistan agertzen diren hainbat kulturagabeen izenak izango balira, orduan bai, guztiok esango genuke ezagutzen ditugula.

Gaur egun alde egiten ari direnak gazteak dira, formakuntza handiko pertsonak, jakinduria lortu dutenak. Urteak pasa dituzte ikasten, lan egiten, edo dena aldi berean. Gizarteak gero eta ahalegin handiagoak eskatu ditu azken urteotan aukera bat emateko enpresa munduan. Askotan, ikerkuntza egin behar izan dute lanetik kanpo, etxean, ordu libreetan, senideei, bikotekideei eta lagunei pazientzia eta ulertzea eskatuz, doktoretza, master edo karrera horrek benetan merezi zuelako.

Askotan ere lortutako (eta amets izandako) lehenengo lanpostua bakarrik beka bat edo praktiketako lan bat izan da, ordu gehiegi eskaintzen eta diru gutxi kobratzen. Baina promesak hor jarraitzen zuen, hainbeste esfortzu egin eta gero bizitzako aukera agertuko zen. Promesak beti hor jarraitzen du, etorkizuna margotzen da promesaz beteta, inoiz ez da unerik egokiena aldaketa bat eskatzeko, mementoa inoiz ez da komenigarriena zulotik ateratzeko egoera ekonomikoa aldatu delako... baina etorkizunean bai, orduan lortuko da zin egindakoa.

Eta bat-batean benetako krisialdi ekonomiko bat. Gehienok ez dugu ulertzen oso ondo nondik eta zergatik agertu den, baina "erreskate" hitza egunero agertzen da, eta salbatuak izateko berriro ahalegin izugarriak eskatzen dizkigute, berriro kontratu berdinekin jarraitzeko eskatzen da, edo hobeto esanda, kontratu horiekin jarraitzera behartzen da.

Zein da ondorioa? Aditu-ihesa. Urteak formakuntza eta jakinduria lortzen pasa direnek alde egin behar dute. Eta alde egiten dute, beste herrialde batzuetan jakinduria hori erabili nahi dutelako. Alde batetik badirudi ideia ona izan daitekeela: egoera larria daukagunez, denboraldi batez alde egin eta dena baretzen denean itzuliko dira. Baina ez da horrela, gehienak ez dira itzuliko. Belaunaldi bat galtzen ari da, eta ez bakarrik belaunaldia baizik eta gizarteak egin duen ahalegina (ekonomikoa eta sentimentala) belaunaldi hori hazteko. Milioiak galtzen ari dira bai, baina garrantzitsuena pertsonak dira. Etorkizun berri baten bila joaten dira, guda garaian gure aitona-amonek egin zuten bezala. Kontua da gaur egungo guda ezberdina dela behartua baita.

Hemendik bakarrik zorte on handi bat bidali diezaieket, agian egunen batean batzuk haien atzean joan behar izango dugu...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide