Mikel Urdangarin, "jaietan ere betiko tabernen zale"

hirinet 2012ko abu. 8a, 16:24

mikel urdangarinAbuztuaren 6an Aihotz plazan kontzertua eskaini ostean, Mikel Urdangarinekin solas egin zuen Hirinet-ek.

Zelan ikusten dira jaiak taula gainetik?

Beste era batera ikusten dira, zalantzarik gabe, musikarioi gehien gustatzen zaigun eran, jotzen eta kantuan. Tamalez, zorion horrek pare bat ordu irauten du soilik, gero taulatik jaitsi beharra dago, badakizu...

Lanean ez zaudenean Gasteizko jaiak non?

Batez ere alde zaharretik ibiltzen naiz bizitokia bertan daukat eta. Urtean zehar ere ez gara gehiegi aldentzen erdigunetik eta jaietan ohitura hau ez dugu sobera aldatzen. Txosnak ere ba dira baina urrun samar nire gustorako. Bestalde, ni beti izan naiz betiko tabernen zale. Uste dut horietan ematen dela girorik polittena, gizatasun aldetik, beroena.

Zeledonen jaitsiera nondik ikusten duzu? Enparantza Zuritik, etxetik… ?

Lagunekin bazkaltzen dut egun horretan eta, ikustekotan, telebistaz ikusten dugu. Bertan biltzen den jendetzak ez nau batere erakartzen. Inoiz plazan bertan egon izan gara baina beste sasoi batzuk ziren horiek...

Aurtengo egitarauan zer ez duzu galduko?

Pilota partidaren bat ikusiiko dut, fijo. Olaizola eta Irujorena, akaso. Honez gain, 4ean eta 5ean zaindu beharra neukan  6an jotzen genuelako eta zaintzeko modu bakarra, nire kasuan, etxetik ez ateratzea da... 7tik aurrera agian alde egin beharko dugu hiritik...

Eguneko giroa ala gauekoa?

Egunekoa sanoagoa iruditzen zait, nik, bietatik edaten dudan arren. Egunaren argitasunak poz gehigarri bat ematen dizu eta gauez guztiok eraldatzen gara; gure "beste  hori" ateratzen dugu pasioan eta, jaietan, modu intentsoago baten atera ere, beharbada. Nekeza da jaietan ibiltzea...

Txosnaren batean txandarik egingo al duzu?

Ezetz uste dut.

Blusa trajea prest? Edo urrutitik ikustea nahiago?

Uste dut beranduegi dela blusen hatzaparretan erortzeko. Gertutik ikus ditzaket, gainera. Elemento bat edo beste kenduta, uste dut jaiei kolorea emeten dietela.

Gasteizko jaiak, Bilbokoak ala Zornotzakoak?

Zertarako aukeratu, hiruetan egon gaitezke poltsikoak eman ezkero...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide