Bengoetxea VI.a-Begino eta Irujo-Barriola bikoteek jokatuko dute Andra Mari Zuriaren finala

hirinet 2012ko abu. 8a, 15:57
pelota-orokorraGasteizko jaietako pilota feriaren bigarren eta hirugarren jardunaldiek aurtengo torneoaren finala zein izango den erabakita utzi dute. Iazko garaileak izango ditugu alde batetik, Oinatz Bengoetxea eta Aritz Begino hain zuzen, eta Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola bestetik, euren finalerdietan nagusitu ostean.

Ikusle aldetik itxura pattal xamarrarekin jokatu zen igandeko aurreneko finalaurrekoa. Andra Mari Zuriaren eguna zen, jaialdia arratsaldeko 5etan, eta gasteiztar eta pilotazale askok frontoira hurbiltzeko plana beste egunen baterako uztea pentsatu izango zuten seguru asko. Kantxa barruan, Bengoetxea VI.a-Begino bikotea Titin III.a-Zubietari gailendu zitzaion 22-14eko markagailuarekin.

PELOTA-1SEMINorgehiagoka orekatua izan zen partidu erdirarte, errioxarrak eta Zubietak hasieran lau tantutako abantaila izan bazuten ere. Azken hau nagusi zen atzeko koadroetan, Beginori bizkarra gehiago erakusten ziolarik, eta egoera hori baliatuz lortu zituen Titinek erramatez egindako tantu bakarrak. 10erako berdinketaren ostean ordea lehiak bi nafarren aldera egin zuen nabarmen. Oinatzek beste pilota lezio bat eman zuen, tanto sorta polita bilduz airez zein botez egindako erremateekin (guztira hamar tanto amaitu zituen jokaldi bidez), baina baita bikotearekin nola jokatu behar den erakutsiz. Horri esker, pixkanaka Begino Zubietaren parera jarri zen, azkenerako nagusi zelarik.

Hala, aipatutako berdinketaren ostean zazpi tantu egin zituzten ilaran, eta hortxe hautsi zen partidua. Titinen erasorako ahalegin askok txapazpian eta kontrakantxan bukatu zuten. Huts gehiegi ziren partidua aurrera atera ahal izateko, eta errioxarrak inolaz ere asmatzen ez zuelarik (bere haserrearen ondorioz keinu itsusiren bat ere izan zuen), erabat ihes egin zien finalerako txartelak. Azkenean, 22-14koak erakusten duen moduan azken txanpak emozioa faltan izan bazuen ere, ikusleek bi aurrelarien arteko jolas nahasia eta bi atzelari jotzaile handiren eskuinkada indartsuak ikusteko parada PELOTA-ZUBIETAizan zuten, baita txalokada gehien jaso zituen Zubietaren erremate dotore pare bat ere.

Oso bestelako itxura aurkeztu zuen Ogeta pilotalekuak astelehen gauean. Berriz ere Aimar eta Irujo elkarren aurka ikusteko parada zegoen, binaka oraingoan. Horrek eta gauak berez pizten duen jairako grinak harmailak ia beterik egotea eragin zuen. Giroan ederki nabaritu zen hori, frontoiari azkenik espero zitzaion berotasuna sumatzen baitzitzaion.

Partiduari dagokionez, bertaratutakoak gozatua hartuta joan ziren frontoitik. Barriolak eta Beroizek atzeko koadroetan lan txukuna egin zuten, baina jakina, bi izar handien etengabeko eraso eta kontraerasoak izan ziren arrazoi nagusia. Partiduaren bilakaerak hala ere izan zuen zerikusirik, Irujo (guztietan erregularrena partidu osoa kontuan hartuta) eta Barriolak partidua ia erabakirik izan baitzuten 17-6ko aldeko markagailuarekin. Hamar tantu erreskadan lortu ostean izan zen, eta berriz ere tantu ilara handi batek (distira handirik gabekoa, gainera) finalerdia emozio gabe utzi behar zuela zirudien.

Ez zen hala izan ordea. Ordurarte gutxitan bezain oker zebilen Olaizola II.ak bere gain hartu zuen partidua iraultzearen zama, eta baita lortu ere. Erasoan arriskatu eta asmatu egin zuen, dexentetan Beroizi botez laguntzera jaitsi zen, eta Beroizen jokoak ere horren ondotik gora egin zuen. Asegarceko bikotea berriro ere partiduan zen 18-16ko markagailuarekin. Jokoaren mailak gora ederki egina zuen ordurako, eta amaiera hil ala bizikoa izango zela begibistakoa zen. Horrelaxe izan zen hain zuzen, tanto ikusgarri askoak tarteko (Beroizen zabalerako ezker dejada bikain bat guztien gainetik). 21-19 zirela Irujok amaiera ekarriko zukeen ezker airea goxo utzi zuen txokoan, baina txapa hotsak galerazi zuen. Emozio eta piloteo handiko bukaeran, Aimarri gora joan zitzaion ezkerkadak behin-betiko 22-20koa jarri zuen.

pelota-2-semiEsan bezala, pilotazaleak oso gustora partidaren bigarren zatiak eskainitako ikuskizun ederrarekin. Finalak ere hasiera batean halakoa izateko itxura du, enpresa bakoitzeko bikote polit eta indartsu banarekin. Asteazken gauean izango da hori, feriaren amaiera suposatuko duen jaialdian.

 
















Testua: Hibai Martinez Irudiak: Diego Apellaniz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide