Aimar Olaizola, nagusi banakako finalaren errebantxan

hirinet 2012ko abu. 6a, 13:27
PELOTA-ABUZTUAK-4-1Aimar Olaizola izan zen garaile Gasteizko jaietako pilota feriako irekiera suposatu zuen aurtengo buruz-burukoaren errebantxan. Irujo eta bere arteko lehiak pilotaren klasiko bihurtu dira jada azken urteotan, eta hereneguneko partidan ikusitakoak horren zergatia erakutsi zuen beste behin. Ikusleen kopurua partiduaren mailari erreparatuz gero espero zitekeena baino dexentez apalagoa izan bazen ere, pilotalekura bertaratutakoak pozik geratuko ziren bi nafarrek emandako ikuskizun politarekin.

Ohikoa den legez, txapeldunak koadro erdiko abantaila eskaini zion arerioari sakean, ta hortaz Irujok bere berezko dohainari etekin handiagoa ateratzeko aukera izango zuen. Hala ere antzekotsu ekin zioten biek errebentxari, hasieran sakeari botez erantzuteko erabakia hartuta. Tantu azkar xamarrak izan ziren, harik eta Aimarrek Irujoren hasierako 3-6ko abantaila sotamanoz egindako dejada dotore batekin eten zuen arte. Hortik 9-6kora egin zuen zuzenean goizuetarrak.

PELOTA-ABUZTUAK-4-2Irujok bere aldeko 10-11ko markagailua sakez ezarri zuenean entzun ziren artekariak aurrenekoz dirua urdin kantatzen. Ordurako partida gogortzen hasia zen, biek ala biek beste behin airezko defentsa bikaina erakusten zutelarik. Bien arteko parekotasuna nabaria zen, iberoarrak finalean baino maila hobea erakusten ziharduelako, eta Olaizola II.ak orduko hartan izan ez zuen kaleren bat edo beste eduki zuelako.


Unerik ederrenak ordea iristeke zeuden. Irujok 12-15 aurreratzea lortu zuen, eta pixkanaka hain ohikoa duen joko-haizerauntsia ezartzeko moduan izango zela zirudien, bere ezker-eskuin astintze indartsuekin eta erremate polit bakarren batekin. Usteak ustel suertatu ziren ordea, Aimarrek egoerari buelta eman eta azpitxapeldunak hortik aurrera ez baitzuen tantu gehiagorik egin. Asegarceko pilotariak erremateetan jada ez zuen barkatzen, bere ezker gantxoa (botez zein airez) zeinen maixuki erabiltzen dakien erakutsi zuen, eta horrez gain txanparen amaierara arerioa baino osoago heldu zen. 18-15ekoa tanto gogor baten ostean etorri zen, non Irujok nekearen ondorio zirudien pilota galdu zuen. Bere sententzia ordea hurrengo tantuan etorriko zen: Aimarrek ezinezkoak ziruditen bi pilota airez onera jartzea lortu zuen, eta ondoren Irujok esku-eskurako bi hormakoa huts egin zuen. Ondorengo hirurak txapeldunaren erremateak izan ziren, amaierako markagailua 22-15ean utziz.


PELOTA-ABUZTUAK-4-3Maila goreneko esku pilota beraz Ogeta pilotalekuan gozatzeko aukera izan genuena. Jaiak hasi berritan zirela giroa ez zen beste batzutan bezain bero egon; pilota jaialdiak gauerako programaziora bueltatzen direnean kontua aldatu egingo da seguru asko. Datozen egunotan horren berri emango dugu, Andra Mari Zuriaren binakako txapelketa ospatzearekin batera.

 

Testua: Hibai Martinez

Irudiak: Diego Apellaniz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide