Zinema, bero handiegia egiten duenerako aukera freskoa

hirinet 2012ko abu. 1a, 11:38

regiJazzaldiz, triatloiz, blusaz eta jaiz betetako egun hauetan bada zinema-proposamen interesgarririk ere Gasteizen. Izan ere, Montehermosok, Vital Kutxa Fundazioak eta Artium Arte Garaikideko Zentro-museoak, besteak beste, hilero film interesgarriak proiektatzen dituzte zinemaren zaleon gozamenerako.

Hasteko, Montehermosok, Udako Sekuentziak zikloan, oso pelikula interesgarriak eskainiko dizkigu abuztuan, hala nola, Hitchcock-en Leiho Begiluzea (Rear Window, 1954) lan paregabea (ez baduzu ikusi, ez galdu aukera bikain hau), baita Kikujiroren Uda (Kikujiro no natsu, 1985) ere. Zikloak ekarriko dizkigun filmek komunean duten ezaugarria urtaro bero hau da, uda, alegia.

Artiumek, berriz, joan zen astean Amerikanuak dokumentala Audience taldearen zuzeneko musikarekin eskaini ondoren, abuztuaren 18tik 28ra “Umore zentzugabea: egoera larrietan bizitzari aurre egiteko jarrera bat” izenburuko zikloa eskainiko du. Krisialdi eta tragedia egoerei aurre egiteko sarritan umore zentzugabera jo izan dela aitzakia gisa hartuta antolatu den proposamen interesgarri honek umore zentzugabearen lau lerro jorratuko ditu: zentzugabea eta isekagarria, norbanakoa sistemaren aurrean, surrealismoa eta gertakari paranormalak, logikarik gabe eta zatika.

Eta krisi-garaietan murrizketei aurre egiteko umorera jotzeko jarrera horren harira, aipatzekoa da Araian abuztuaren 11tik 15era egingo den Umore Antzerkiaren XIX. Jaialdia. 50 antzezlan baino gehiago ikusi ahalko baitira aste horretan.

Beraz, abuztua proposamen interesgarriz beteta iritsiko zaigu. Ez galdu film bikain hauek ikusteko aukera!


Regi Larrucea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide